Gaur egungo 220 KV-ko goi tentsioko linearen ordez 400 KV bi argindar linea berrik zeharkatuko dute gure bailara REE eta Forestalia enpresen egitasmoak burutzen badira. Nafarroako hainbat eskualde, Gipuzkoako Goierri eta Arabako Lautada zeharkatuko dituzten goi tentsioko lineak dira. Gurean 80 metroko 197 dorre metaliko ezartzea ekarriko dute eta marrazten duten ibilbide guztian zehar landa eta baso eremu zabalak hartuko dituzte.
Ez, ez dira Sakanako biztanle edo bertako enpresei hornidura bermatzeko azpiegiturak. Autopista elektrikoak dira! Multinazional elektrikoen mozkin gose ase ezinak garatzeko beharrezko dituzten bitartekoak baizik. Beraientzat izango dira etekinak, guretzat lurraldeari, bertako naturari eta bertakoon osasunari eragindako kalteak.
Jasangarriago eta efizienteagoa izan beharko lukeen trantsizio energetiko deszentralizatu bat bultzatu ordez, inolako plangintzarik gabe, energia berriztagarrien soingainekoz jantzita, gaurko sistema harrapakari eta espekulatiboaren parametrotan jarraitu nahi duten enpresen mende utziko gaitu.
Herritarrok egitasmo hauek geldiaraztea aldarrikatzeko eta agintariei lurraldearen zaintza eta herritarron nahia enpresen etekinen gainetik ezar dezaten exijituz, goi tentsioko lineen aukako plataformak Lurkide kanpaina abian jarri dugu.
Gure lurra okupatuko lukeen dorre bakoitzeko eragile, elkarte edo lagun talde bat aktibatu nahi
dugu eta lurraren babesle bilakatu. Horretarako sakandarron inplikazioa eta laguntza behar dugu. Izan zaitez zu ere Lurkide. Maiatzaren 29an Etxarri Aranatzen Lurkide Eguna izango da.