Ernaik "berarekiko eta gazte militantziarekiko erasoa" salatu du

Guaixe 2022ko mai. 10a, 11:51
Foruzaingoko patruila auto bat segitzen A-1 autobian. ARTXIBOA

Azaldu duenez, bere kide bat ordu batez errepide bazterrean izan zuen Foruzaingoak igande gauean.

Sakanako Ernaik azaldu duenez, Foruzaingoak Ernaiko kide bat ordu batez izan zuen errepide bazterrean Arruazu eta Lakuntza artean igande gauean. Ezker abertzaleko gazte erakundeak azaldu duenez, bere kideak "etengabeko galderei erantzun behar izan zien, aurrekariez, propaganda ekintzen inguruan, pintaketen inguruan…" Gazte erakundeko kideek adierazi dutenez, gertatutakoa "Ernairekiko eta gazte militantziarekiko eraso bat da, ez isolatua, asko baikara kontroletan, kalean edo beste esparru batzuetan hainbat koloretako txakurren gehiegikeriak eta jazarpena pairatu behar ditugunak". 

Ernaitik azaldu dutenez, foru poliziek "mantso" joaten zelako gerarazi omen zuten gaztearen autoa, "hala ez bazen ere". Ernaitik azaldu dutenez, "jarrera susmagarriagatik identifikazioa eskatu eta galderarik egin gabe autoaren miaketari ekin zioten, berokiak, motxila eta den-dena goitik behera miatuz eta nahasiz". Ernaik azaldu duenez, gazteari "maletategian zeuzkan propaganda politikorako margo, tinta, kotoi, plastiko, pankarta eta abarrak era arbitrarioan kendu zizkioten ‘delitua egiteko modukoa’ omen zirelako". Ernaitik gaineratu dutenez, erakundearen hainbat material ere kendu zioten gazteari, "antza, aurretiko delituekin zerikusia izan zezakelako".