Festetako eztanda

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko mai. 11a, 14:23

Eztanda txaranga. UTZITAKOA

Txaranga berria sortu dute Sakanako zenbait musikari gaztek; Eztanda txaranga. Dagoeneko Iturmendiko inauterietan eta 4x4 txapelketan jo dute, eta asteburuan Altsasuko Lagun Onak elkartearen urteurrenean eta Alde Zaharreko festetan aritu ziren. 

Txaranga bat herrietako festetan aritzen diren musika talde bezala deskribatu daiteke. Giroa sortzeko eta jendea entretenitzeko musika banda txikia. Zortzi musikarietatik hogei bat pertsonetara osatu dezakete txaranga. Irailean hamar bat gazte entseatzera elkartu ziren, eta txaranga bat sortu zuten: Eztanda. Dagoeneko haien lehenengo emanaldiak eman dituzte.

Alain Razkinek tuba jotzen du, Asier Valdiviesok bonbardinoa, Aimar Apaolazak tronpeta, Unai Manerok tronboia, Alain Jakak tronpeta, Fermin Azkargortak saxofoia, Adrian Trevejok bonbo txapak, Ander Marinek saxofoia, Haran Trevejok saxofoia eta Adur Kanpok kaja jotzen du. Lakuntzakoak, Altsasukoak eta Olaztikoak dira, oso gazteak, eta musikak elkartu ditu. Gehienek Haize Berriak bandan jotzen dute. "Kontua aspalditik dator. Aspaldi, duela lau urte inguru, Sakaranga txarangak utzi zuen eta ni izan nintzen Sakarangako azkeneko kaja edo perkusionista sartu zena izan nintzen. Batzuk utzi zuten eta beste batzuk jarraitu genuen, eta proiektu berri bat egiten saiatu ginen", azaldu du Adurrek. Unai eta Alai sartu ziren momentu horretan. "Proiektu hura ez zen atera". 2021ean utzi zuten jotzez, eta irailean Unaik berriz aktibatzeko proposatu zuen. Jendea batzen hasi ziren".


Eztanda Txaranga Iturmendin egindakok emanaldia. UTZITAKOA

Nortzuk zeuden prest ikusita, bakoitzak zer jotzen zuen begiratu zuten. Adurrek kaja jotzen zuen, Adrianek bonbo txapak eta perkusio aldetik ongi beteta gelditzen zen. Tronpetista bat behar zuten eta Unaik Asier Haize Bandatik ezagutzen zuen, bi saxofonista behar zituztenez bandako Haran eta Fermin gonbidatu zituzten ere. Beranduago Aimar eta Alain sartu ziren. Hasieran zazpi joaten ziren entseatzera, eta orain "postu guztiak" beteta gelditu dira.

Gazteak
Txaranga gaztea denez "badakigu gazte gehienei" zer gustatzen zaien. Aurrekoan Sakanako herrien arteko 4x4 futbol txapelketan jo zuten, Iturmendin, eta oso goiz hasi ziren. Baina bazekiten momentu bakoitzean, gutxi gora behera, zer kanta jo. "Badakigu zer kanta prestatu gazteei bideratuta. Bai gazteentzat bai helduentzat".

Zer da gazteei gustatzen zaiena? "Baditugu kanta batzuk orain modan dagoen reggatoietik moldatutako kantak, Zopilotes jotzea jendearen gustukoa da, La Raiz... Azken aldian nahiko famatua egin den Bakalau Salau ateratzen saiatzen ari gara". Abestien txarangarako bertsioak jotzen dituzte, eta abestiak ikasteko partiturak erabiltzen dituztela esan du Unaik.

Lehenengo emanaldian "gogotsu eta urduri" atera zela esan du Asierrek. "Lehenengo aldia txarangarekin ateratzea eta ez zaituztenez ezagutzen urduri nengoen. Ez dakizu nola erreakzionatuko duen jendeak zu entzutean". Iturmendiko inauteriak izan ziren haien lehenengo irteera, otsailaren amaieran, eta ondoren Sakanako herrien arteko 4x4 txapelketara itzuli ziren Iturmendira, aurreko asteburuan. Lekunberrin egon ziren ere. "Lekunberriko jendea nahiko kontetu gelditu zen gurekin". Hiru emanaldi egin dituzte, irailean hasi ziren entseatzen, eta oraindik esperientzia falta nabaritzen zaiela aitortu du Adurrek. "Baina jendeak esan zigun gustura egon zela, eta gazteak izatean txarangari mesede egiten dio". Esperientzia faltagatik akatsak egiten dituzten arren, entseguetan zuzentzen saiatzen dira.

Gogoa eta festak
Txaranga batean jotzeko garrantzitsuena "gogoa" izatea dela esan dute musikariek, "eta ongi jotzen saiatu". Ez da lan erraza, izan ere zutik eta ibiltzen jo behar dute, ohituta ez dauden modu batera. "Baina hori ere esperientzia kontua da". Festetan txarangan jotzea "festaren parte" ikusten dute. "Jotzen ari zarenean alkohola edaten duzu, baina neurtzen saiatzen zara. Behin jotzez amaitzen duzula gora-gora zaude, eta festarekin jarrai dezakezu". Neurtzen eta zentzudunak izaten saiatu behar dute, baina hala ere, festa bizitzeko beste modu bat bezala ikusten dute txaranga. Taldean musikari oso gazteak daude, eta gurasoen oharrarekin joaten dira emanaldietara. Asier: "Txarangarekin jotzera joaten naizenean esaten didate arduratsu izateko eta alkohol asko ez edateko".

Momentuz, Eztanda txarangak ez ditu espektatiba handirik. "Momentuaz disfrutatzen" ari dira. "Gero ikusiko dugu hemendik sei hilabetera edo urte batera jarraitzen dugun". Asmoa ongi pasatzea da, bai emanaldietan bai entseguetan. Ostiral gauetan elkartzen dira entseatzeko, eta "etekina" ateratzen diotenean merezi duela esan dute. "Bestela esfortzua egiten dugu eta etxera leher eginda joaten zara". Entseguetarako eta bidaietarako diru pixka bat ateratzea nahi badute ere, helburua ez da txarangaz bizitzea.

Sanferminak "Championsean" jotzea bezala izanen zela esan dute Eztanda taldeko kideek. Non jotzea gustatuko litzaiokeen galdetuta, denek Munduko festa ezagunenetan aritzea nahiko luketela esan dute. Sanferminetara joaten direnean, txarangarekin joaten dira. Herriko festetan jo nahi duena ere badago.