Osasun eskualdeko egoera "okerra" zuzentzeko eskatu dute

Guaixe 2022ko mai. 11a, 09:59
Mahaian Joseba Vizuete Askargorta, Olatz Irizar MArtinez eta Javier Paz Miño. ARTXIBOA

Mediku falta handia dagoela salatu dute Osasun Kontseiluko lehendakariak eta Olatzagutiko eta Ziordiko alkateek.

Osasunbideko arduradunek lehenik Altsasun egindako bileran joan den urteko otsailaren 12an. Eta Maria Chivite Navascuesek ondoren Irurtzungo kultur etxean apirilaren 4an. Burunda mendebaldeko osasun eskualdeko gabeziak konpontzeko promesak egin zituzten batzuek eta besteak. Horiek ez dira bete eta egoerak "okerretik okerrera" egin duela salatu dute Javier Paz Miño Altsasuko Oinarrizko Osasun Eskualdeko Osasun Kontseiluko lehendakariak eta Altsasuko Udaleko zinegotziak, Joseba Vizuete Askargorta Olatzagutiko alkateak eta Olatz Irizar Martinez Ziordiko alkateak. Hiru udal ordezkariek azaldu dutenez, "gure biztanleen osasuna eta gure herrien etorkizuna jokoan dago eta, horregatik, gobernuari, urgentziaz, arazo larria serio hartu dezan eta behingoz konpondu dezan eskatzen diogu". 

Azaldu dutenez, Altsasuko osasun etxean sei mediku beharrean hiru daude. Olatzagutian astegunetan kontsulta zabaldu beharrean astean hirutan zabaltzen da. Eta beste bi egunetan larrialdia egonez gero, Altsasutik joan behar dira. Eta Ziordian ez dago medikurik. Gaztigatu dutenez, "mediku falta horiek eguneko ordezkapenekin betetzen dira eta batzuetan ez da inor etortzen. Behin baino gehiagotan 'urgentziak baino ez ditugu artatuko' jartzen duen papera jartzera behartuak egon dira.

Hiru udal ordezkariek gaztigatu dutenez, "aspertuta eta haserre gaude gure biztanleriari zuzenean eragiten dion zerbitzu publiko honen kalitate eskasarekin. Mediku onak ditugu eta lan handia egiten ari dira, baina medikurik hoberenak ere ezin ditu artatu hain baliabide eskasekin zonaldean ditugun beharrak.