Txirrindularitza

Mikel Uncillak erorikoa izan zuen Lazkaon eta erradioan fisura du

Guaixe 2022ko mai. 12a, 10:00

Lazkaomendiko XLVI. Proban Sakana Group-Aralar taldeko Aritz Oiarbide seigarren sailkatu zen

Larunbatean junior mailako Lazkaomendiko XLVI. Proba jokatu zen. Lasterketa ahalik eta onena egitea zen Sakana Group-Aralar taldeko Mikel Uncilla txirrindulari etxarriarraren asmoa, baina errepideko irlatxo batean eroriko gogorra izan zuen eta erradioan fisura du. Denboraldia bikain hasi zuen etxarriarrak, garaipen eta podium garrantzitsuekin, baina osatu bitartean errepideetatik kanpo egon beharko du, lepauztaia haustura gainditzen ari den bere taldekide Aimar Tadeo bezala. Kolpe gogorra, beraz, Lakuntzako taldearendako. Quesos Albeniz Burunda taldean ere ez dira lesioetatik libratu, Iker Agudelok eroriko larria izan baitzuen eta osatzen ari baita. 

Lazkaomendiko Proba Vizcay Hermanos taldeko Ibai Azanzak irabazi zuen (2:19:07), Ulma taldeko Aimar Madinari 1:17 minutu aterata. Sakana Group-Aralar taldeko Aritz Oiarbide Top-Tenean sartu zen, seigarren sailkatu baitzen, 2:09ra. Bere taldekide Alex Lopetegi 50. sailkatu zen. Lasterketan baja asko izan ziren.