Tren publiko eta sozialaren aldeko azterlana egiteko diru bilketa

Guaixe 2022ko mai. 24a, 10:21

Asier Oleaga Mateo eta Nerea Viana Zugadi plataformako kideak.

Trenaren Aldeko Alternatibak Abiadura Handiko Trenari alternatiba izanen den ingeniaritza azterketa bat egin nahi du. Hura garatzeko 12.000 euro lortu nahi ditu ekimenak eta, horretarako, Kukumiku plataformaren bidez crowdfunding kanpaina martxan jarri du. 

Lau plataformek osatu dute Trenaren Aldeko Alternatiba ekimena: Araba Tren Sozialaren Alde, Miranda Por el Tren (Burgos), Bureba es Futuro (Burgos) eta Nafarroa Trenaren Alde. Guztiek tren publiko eta soziala batzen ditu eta Abiadura Handiko Tren egitasmoen kontra daude. Horregatik, Mediterraneoko eta Atlantikoko trenbide-korridoreen alternatiben azterketa egin nahi dute Burgosen, Araban eta Nafarroan. Hau da, trenbideetako ingeniaritza azterketa bat nahi dute, zeinak bermatuko duen trenaren alternatiba bat garatzea. Ekimeneko kideek adierazi dutenez, “hori guztia, kontsentsu handiago batez egina eta lurraldearen kohesioa ziurtatuko duena bertako biztanleen beharretara egokitua”. Alternatiba egiterakoan pertsonen eta merkantzien garraioa bateragarria izatea eta ingurumen inpaktu “askoz txikiagoak” eragitea bilatuko dute.

Trenaren Aldeko Alternatibatik azaldu dutenez, azterketa kanal eta portuetako hiru ingeniarik eginen dute, 50 urte baino gehiagoko eskarmentua dutenak garraio arloan. Egileetako batzuk aurretik gaitasun handiko bide azpiegituren eta trenbide azpiegituren alternatibak aztertzeko eta aholkatzeko lanak egin dituzte, esaterako, Euskal Y proiektuaren inguruan. 

Helburua 
Zerbitzuaren kalitatea eta trenbideko garraioaren eraginkortasuna hobetzeko “batez ere egungo trazadura modernizatu eta abiadura handira egokitu” nahi dute. Hirukoteak teknikoki bideragarria izango den tren sozialaren proposamena garatuko du. Nafarroako trenbide bakarreko zatian, trenbidea bikoiztea proposatuko da. Hori guztia, azpiegituran, teknologian eta logistikan, lehiakorra eta modernizatua den tren bat izateko, aldaketa modala eragingo duena, batez ere errepidetik trenbiderantz, garraioaren egoera, izaera eta asmo desberdinetan. Garraio publiko, sozial, eraginkor eta benetan jasangarri baterantz.

Ekimenetik aurreikusi dutenez, landuko duten azterlanak “arrazoizko kostua izan behar du, proiektatutako azpiegiturak baino askoz txikiagoa, azpiegitura horiek trazatu berriak planteatzen baitituzte”. Gaineratu dutenez, “erabat berria den obra batek baino nabarmen inpaktu txikiagoa eragin behar du, gizartean eta ingurumenean, lehendik dauden azpiegiturak ahalik eta gehien hobetu eta egokitu behar direlako”. Gogorarazi dutenez, “desinbertsioren eraginez, egungo lineak pixkanaka bertan behera uztearen ondoriozko trenbide zabor berria sortzea saihestuko da, linea horiek zerbitzu ematen baitiete herritar guztiei eta salgaiak ere garraiatzen baitituzte”.

Baliabide ekonomiko publikoen “aprobetxamendu eta efizientzia onena” bilatzen dute azterlanarekin. Ziurtatu dutenez, “egungo tren azpiegituran dauden hirigintza arazoak eta oztopo fisikoak, zaratak eta abar kentzeko inbertsioak ez lirateke eginen aurreikusitako abiadura handiko trena egiten bada”. Azken finean, ibilbide labur, ertain eta luzeko edukiera eta tren bidezko salgaien garraioa hobetzea, bidaiarien eta salgaien trenen abiadura altuaren arteko bateragarritasuna lortu nahi dituzte, logistika edo ekoizpen zentroetarako konexioak kontutan hartuta.