Zurrumurru eta estereotipoen kontrako hitzezko sendagai bila

Guaixe 2022ko mai. 25a, 13:03

Zurrumurruen kontra baloreak aterki direla 2017tik zabaltzen ari da Anitzartean kulturartekotasun zerbitzua. ARTXIBOA

Anitzarteanek antolatutako literatur lehiaketan idazlanak garagarrilaren 30era arte aurkeztu daitezke.

Sakanako Mankomunitatearen Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak lau balore zabaltzen ditu bere lanaren bidez: berdintasuna, aniztasuna, errespetua eta diskriminazio eza. Aniztasunean elkarbizitzaren aldeko lana egiten du. Eta horren kontra zuzenean egiten dute jende askoren ahotan dauden aurreiritziak, estereotipoak eta zurrumurruak. Zurrumurruen jasari, baloreak aterki lelopean Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak Zurrumurruen Kontrako Ipuin Laburren III. Lehiaketa antolatu du eta sakandarrak aipatutako lau baloreak bulkatuko dituen istorio bat sortzera gonbidatu ditu. "Migratu duten pertsonei buruz ditugun ideiak eraldatuko dituzten istorioak sortzera. Aniztasunean elkarbizitzaren alde eginen duen istorio bat eraikitzea azken finean, bestearekiko zurrumurru eta aurre iritziz libre izango dena. Azken finean, eszenatoki berri bat asmatzea zeinetan aniztasunak, tratu eta aukera berdintasunak, eta bestearekin elkarbizitzak dakarzkigun onurak kontatuko den" azaldu du Begoña Zestau Baraibar teknikariak. Zehaztu duenez, "helburua da kulturartekotasuna eta kohesio sozialaren alde, nola bazterkeriaren kontra, arrazakeria eta xenofobiaren kontrako" testuak jasotzea.

Oinarriak
Lehiaketan parte hartu nahi duten sakandarrek gaztelaniaz edo euskaraz aurkeztu ditzakete haien narrazioak. Haien oinarrian honakoak egon daitezke: aniztasuna, berdintasuna, errespetua, diskriminazio eza, elkarbizitza, kulturartekotasuna, arrazakeriaren, aurre iritzi eta zurrumurruen kontrako borroka, aniztasunaren ekarpen eta abantailak… Idazlanek, gehienez, lau orrialdeko luzera izan behar dute. Guztiek Arial letra tipoarekin idatzita eta 12ko hizki tamaina izan behar dute. Lehiaketara aurkeztutako lanak jatorrizkoak, berriak, eta beste lehiaketetan ez sarituak izan ez direnak izan beharko dute. 

Narrazioak anitzartean@gmail.com e-posta helbidera bidali behar dira. Bidalketa bi pdf artxiboz osatuta egon behar du. Aurrenekoak parte hartzailearen datu pertsonalak eta harekin harremanetan jartzeko telefonoa jarri behar dira. Pdf artxibo horren izenburua honakoa izan behar du: Zurrumurruen kontrako ipuin laburren III lehiaketa eta izengoiti bat. Bigarren pdf-an, berriz, izenburu eta izengoiti bera, eta ipuinaren izena, hizkuntza eta parte hartzailearen adin tartea (16 urte baino gehiago edo gutxiago). 

Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak osatuko duen epaimahai bateko irakurriko ditu lehiaketara aurkeztutako narrazio laburrak, eta hura izanen da sarituak aukeratuko dituenak. Haien berri irailean emanen du zerbitzuak. Adina eta hizkuntza kontuan izanik lau ataletan banatuko dira sariak. Guztiek ere Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteari atxikitako establezimenduetan gastatzeko txartelak eskuratuko dituzte. 

Sariak 

  • 16 urte artekoak (euskara eta gaztelania maila)
    1. Saria: 100 euro 
    2. Saria; 75 euro 
    3. Saria; 50 euro

  • 16 urtetik gorakoak (euskara eta gaztelania maila)
    1. Saria: 200 euro
    2. Saria: 150 euro
    3. Saria: 100 euro
Erlazionatuak