Euskaraldian Ariguneek izena emateko epea zabalik dute

Guaixe 2022ko mai. 18a, 08:33

Arigune izandako hainbat erakunde, establezimendu eta elkarteetako sakandarrak. ARTXIBOA

Euskararen erabilera handitzea helburu duen ariketa kolektiboan mota guztietako entitateek eman dezakete izena gaurtik aurrera. Aurrekoan parte hartu zenutenek beraien datuak eguneratu ditzakete. 2020an 347 Arigune izan ziren.

Belarriprest eta ahobizi izan ziren Euskaraldiarekin ikasi genituen aurreneko hitzak. Ondoren etorri zen Arigune. Azken hitz horren bidez euskaraz aritzeko guneak identifikatzen dira. Espazio horiek "euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean. Talde horietako kideek ahobizi eta belarriprest modura jardungo dute Euskaraldiak irauten duen bitartean, baina ariketa modu kolektiboan eginen dute ariguneetan". Erakunde publikoak, gizarte eragileak, enpresak, kooperatibak, kultur eta kirol elkarteak eta abar izan daitezke Arigune. 

Hara joan eta ziur euskaraz hartuko zaituztela, berme hori eskatzen dute Ariguneek. Figura hori 2020an mustu zuen Euskaraldiak eta Sakanan 347 Arigune sortu ziren. Aurreko edizioan izena eman zutenek bere parte hartzeko nahia berretsi eta datuak eguneratu besterik ez dute egin beharko. Arigune berri gisa izena eman nahi dutenek, berriz, www.euskaraldia.eus webgunera jo dezakete. Eta, bestela, herriko Euskaraldia batzordearekin edo Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuarekin harremanetan jar daiteke (948 464 840 edo euskara2@sakana-mank.eus). 


Euskaraldia batzordeetako ordezkariak joan den asteazkenean elkartu ziren. EUSKARA ZERBITZUA

Zehatz
Ariguneak izan daitezke entitate baten baitan ohiko dinamika duten eta kide guztiek gutxienez euskara ulertzen duten taldeak, esaterako, enpresa bateko departamentua, atalak, ekipoak, sekzioak, zerbitzuak, taldeak… Edo, arigunea izan daiteke baita ere entitatean herritarrekiko harreman espazioa, uneoro belarriprest edo ahobizi bat egongo dela bermatzen bada; hau da, herritarrek uneoro euskaraz artatuak izateko bermea badute (jendaurreko edo harrera postuak, supermerkatuetako kutxak, telefono bidezko arreten arduradunak, tabernariak, dendariak…). Helburu nagusia entitate horien harremanetan euskararen erabilera handitzea da. Parte hartzeko, zuzendaritzaren eta entitateko gainontzeko kideen inplikazioa beharko da. Ariguneak Euskaraldian ikur batekin egoki identifikatuta egonen dira. 

Erlazionatuak

Sakanako ariguneak

Guaixe 2020 aza 20 Sakana