Sakanan erosketak egiteak denondako saria du

Guaixe 2022ko mai. 16a, 09:28
Emakumezkoa Udaberri Tonbola iragartzen duen kartelari begira. ARTXIBOA

Gaurtik hilaren 28ra Udaberriko Tonbola. 10 euro baino gehiagoko erosketagatik txartela jasoko da

Udaberriko Tonbolarekin Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteak (SDOZE) denboraldiko salmentak sustatu eta hurbileko merkataritzari bulkada eman nahi dio. Sakanan erosiz denok irabazi leloa du kanpainak eta astelehenetik aurrera martxan jarriko da. SDOZEko kide den establezimenduren batean hamar euro baino gehiagoko erosketak egiten dituzten pertsonek tonbolako boleto bat jasoko dute. Elkartetik jakinarazi dutenez, "sari zuzenetan 3.000 euro baino gehiago daude". Besteak beste honako sariak eskuratu daitezke tonbolaren bidez: 5 eta 15 euroko txartelak SDOZEren establezimenduetan gastatzeko, 200 ardo botiletako bat, piper poteak, goxokiak, txokolatea eta beste. Gainera, pantin elektriko baten zozketa ere eginen du SDOZEk. Kanpaina aurrera ateratzeko elkarteak Nafarroako Gobernuaren laguntza izan du. 

Bestalde, bai SDOZEk bai Altsasuko Dendarien Elkarteak (ADE) bere zuzendaritza berritu du. 
Ibarreko establezimenduak biltzen dituen elkarteak 53 bazkide ditu eta bere buru berria Ramos Etxeko Naiara Orzako Irurtia da. ADEk, berriz, 41 bazkide ditu eta presidentea Bengoetxea oinetako dendako Arantxa Igual Bengoetxea da.