San Isidrorako hiru hitzordu

Guaixe 2022ko mai. 13a, 13:01
Arakildarrak Itxasperriko ermita erromanikoaren ate parean. ARTXIBOA

Igandean Arakilen, Arbizun eta Lizarragabengoan ospatuko da.

Egiarretako Itxasperriko Santiago ermita, atzera ere, arakildarren bilgune bihurtuko da igandean. Ohi bezala, eraikin erromanikoak ibarreko hildakoen aldeko elizkizuna hartuko du. Meza 12:00etan izanen da. Hura despeditu ondoren arakildarrak elkarrekin hitz egiten geldituko dira ermita inguruan. Gainera, udalak otamena eskainiko du. 

Arbizuarrek, festez aparte, urteko lau egunetan egiten dituzte aateak: maiatzaren 15ean, San Isidro; irailaren 8an, Ama Birjinaren eguna; irailaren 29an, San Migel eta, azkenik, lastailaren 12an, Pilarekoa. Igandea San Isidro denez, aatea izanen da plazan, 20:00etan. Edatekoarekin batera taloak dastatzeko aukera ere izanen da.   

Lizarragabengoan ere nekazarien zaindariaren eguna herritarrak elkartzeko aitzakia izanen da. 20:00etan auzatea izanen da Bordatxo elkartearen ondoan. Lehen sektoreak indarra galdu zuenean auzatean herritarrak elkartzeko ohitura galdu zen, baina 2017an berreskuratu zuten jan-edanaren inguruko topaketa.