Haur eskolez hitz egiteko lehen hitzordua jarrita

Guaixe 2022ko mai. 13a, 14:29
Nafarroa 0-3 plataformak deituta, haur eskola duinen aldeko kontzentrazioa Parlamentu parean. UTZITAKOA

Asteazkenean, 16:00etan, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren egoitzan.

Nafarroa 0-3 plataformak deitutako grebak dozena bat egun egin ditu gaur. Herrialdeko 60 bat haur eskolek bat egin dute lanuztearekin, tartean Arbizuko Kattuka eta Altsasuko Txirinbulo. Iruñean deitutako manifestaziora "uste baino jende gehiago" joan zelako pozik zeuden grebalariak larunbatean. Gainera, joan den astean jasotako 30.000 sinadurak astelehenean Hezkuntza Departamentuan aurkeztu zituzten. Sinatzaileek Nafarroako Gobernuari haur eskolen inguruko politika aldatzeko eskatu zioten, eta foru gobernuak haur eskolekin egiten duen politika "kaka" dela salatu zuten.

Ez dira plataformak deitutako mobilizazio bakarrak izan. Grebalariek haien egoeraren berri ematen zuten eskuorriak banatu zituzten asteazkenean Altsasuko azokan. Bestalde, Iruñean kontzentrazioak egiten segitzen dute: astelehenetan Hezkuntza Departamentuaren aurrean eta ostegunetan, Nafarroako Parlamentuan bilkura dagoela baliatuta, egoitzaren parean 08:30ean, 11:00etan eta 16:00etan. 

Mahaia
Plataformako kideak partaide diren eta konpromisoak bete daitezen helburu eta egutegi jakinak dituen mahai teknikoa eratu arte grebari eusteko asmoa dute grebalariek. Mahai horretan Hezkuntza eta Lurralde Kohesio Departamentuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa (NUKF) egonen dira. Heldu den asteazkeneko 18:00etarako jarri dute bilera federazioaren egoitzan. Plataforma bertan parte hartzera gonbidatuta dago. Atzo Nafarroako Parlamentuaren parean egindako bilkuretan plataformako kideek exijitu zuten mahai horretan "beti partaide aktiboak izatea". Aldi berean, zehaztu zuten mahai horretan ratioen jaitsiera eta soldata-igoera "hasteko" eta "premiaz" landu behar direla. 

Babesa 
Grebalariek azaldu dutenez, Arbizu eta Altsasuko haur eskoletako erabiltzaileek ere grebarekin bat egin dute. Kattukan, gainera, gurasoek talde bat osatu dute "0-3 zikloko hezitzaileei gure babesa emateko asmoz". Haien iritziz, "hezitzaileek familien eta gizartearen babesa behar eta merezi dute". Eta egoera bideratzeko "gutxieneko batzuk oinarritzat hartuta negoziatzen hasi beharko" liratekeela uste dute. Taldekideek adierazi dutenez, "premiazkoa iruditzen zaigu Nafarroan guraso sarea osatzea, bakoitzak bere kabuz ekintzak egin beharrean denek bat egin ahal izateko, kolektibo bat bezala". Hori ahalbideratzeko Whatsapp taldea osatu dute eta han "haur eskola bakoitzeko ordezkari gisa guraso bat edo bi egon daitezkeen, edo gehiago nahi izanez gero. Modu honetan suertatzen diren ideiak eta iniziatibak bateratu ditzakegu eta indar gehiago egin". Gurasoak bat egitera gonbidatu dituzte.