Astekaria

"Altsasun ariketa fisikoa sustatzeko prest gaude"

Maider Betelu Ganboa 2022ko mai. 19a, 14:12

Etxarri Aranazko eta Irurtzungo Osasun Eskualdeetan martxan diren ariketa fisikoa sustatzeko kontsultak, Ttipi-Ttapa paseoak eta bestelako zerbitzuak Altsasuko eskualdera heldu dira Sakana Eskualde Aktiboa Zerbitzuko orientatzaile Dani Echávarri Manjónen eskutik

Sakanako Mankomunitateak Sakana Eskualde Aktiboa Zerbitzua martxan du, helburu batekin: sakandarren artean ariketa fisikoa egitearen beharra sustatzeko, sakandarrak aktibo izan daitezen eta bizi kalitate ona izan dezaten. Dani Echávarri Manjón da orientatzailea, eta zerbitzua Etxarri Aranazko eta Irurtzungo Osasun Eskualdeetako herrietan martxan jarri ondoren, zerbitzua Altsasuko Osasun Eskualdera iritsi da. 

Gidatzen duzun zerbitzua anitza da: Ttipi-Ttapa paseo osasuntsuetatik hasi, jarduera fisikoko saioekin jarraitu, partikularrekin egindako kontsultak…
Ariketa fisikoa egiteko interesa duen eta aholkularitza behar duen guztiak nigana jo dezake eta kontsulta hartu, Mank-en kontaktua eskatuta, bere beharretara egokitutako ariketa fisikoa elkarrekin zehazteko, baina egokiagoa da medikuak edo erizainak gomendatuta gurekin harremanetan jartzea. Izan ere, zerbitzu hau era egokian eskaintzeko Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Osasun Etxeek eta Gizarte Zerbitzuek elkarlanean lan egiten dugu. Doako zerbitzua da. 

Kontsultez aparte, Ttipi-Ttapa paseo osasuntsuak, jarduera fisiko gidatuak eta hausturak ekiditeko ikastaroak gidatzen dituzu eta Etxean Bizi programari esker etxetik atera ezin dutenei ariketa fisikoak egiten dizkiozu. 
Bai. Arakil eta Aranatz aldean zerbitzua egonkortzen ari da. Talde guztiak martxan daude eta feed-backa nahiko positiboa izan da. Orokorrean taldeak nahiko ongi doaz, jendea oso kontentu dago eta baita ni ere.

Zer moduz Ttipi-Ttapa paseo osasuntsuetan?
Oso gustura. Orain, eguraldi onarekin, gozamena da. Ttipi-Ttapa paseo taldeak Urdiainen, Bakaikun, Etxarri Aranatzen, Lakuntzan, Arruazun, Uharte Arakilen eta Irurtzunen daude. Horretaz gain, jarduera fisikoa lantzeko taldeak Etxarri Aranatzen, Arbizun, Lakuntzan, Arruazun eta Irurtzunen daude. Pozik nago, osasun etxeetan gehiago inplikatzen ari direlako eta gure saioetara geroz eta jende gehiago bideratzen ari direlako. Gehienbat hirugarren adineko pertsonekin eta gaixo kronikoekin lan egiten dugu, eta pandemiako azken bi urteak oso gogorrak izan dira eurendako. Baina orain udaberriarekin badirudi jendea animatzen ari dela. 

Zerbitzua Altsasuko Osasun Zonaldera iritsi berri da. Zein jarduera eskaintzen dituzue?
Altsasun, Olaztin eta Ziordian, momentuz, kontsulta zerbitzua dugu zabalik, astelehenetan. Altsasuko kontsulta 9:00etatik 11:00etara dago zabalik, osasun etxeko erabilera anitzeko gelan. Ziordiko udaletxean, kontsultan 12:30etik 13:15era egoten naiz, eta Olaztin 13:15etik 14:00etara. Beraz, jendea animatu dadila ariketa fisikoaren inguruko edozein kezka edo eskaera egitera. Zerrenda bat osatzen ari naiz interesatuta dauden pertsonekin, eta jendea nigana heldu eta guztia aztertu eta antolatu bezain pronto, ordutegia itxi eta Ttipi-Ttapa paseo osasuntsuekin eta bestelako ariketa saioekin hasteko moduan egongo gara. Guztia lotzea ez da erraza izaten, baina denon inplikazioarekin lortuko dugu. Altsasuarrek, ziordiarrek eta olaztiarrek jakin dezatela zerbitzua martxan dagoela eta aurki hasiko garela.

"Jendea ariketa fisikoa egitera animatu dadila, eta horren arabera antolatuko ditugu taldeak"

Hausturak ekiditeko tailerra eskaintzen duzu Etxarri Aranatzen. Haustura bat nola ekidin daiteke?
Ikastaroan denetatik lantzen dugu: mugikortasuna, oreka... baina bereziki indarra da landu beharrekoa. Askotan pertsonak erortzen dira ez oreka faltagatik, indar faltarengatik baizik. Bereziki hanketan indar falta dutelako. Ikastarora jende dezente etortzen da eta pozik daude, esaten dute hobera egiten ari direla. Batzuek aulkitik altxa ere ezin zuten, eta orain sentadillak egiten dituzte aulkian. Euren egoera fisikoa hobetzeaz gain, bere osasun mentalak eta animoak ere hobera egiten du, euren bizi kalitateak bereziki. Zeharka, euren zaintzaileei ere lana errazten zaie. 

Paseoetan eta jardueretan parte hartzen dutenek hobekuntza nabaritzen al dute?
Bai. Normalean pertsona sedentarioak dira, asko etxetik atera ere egiten ez zirenak, eta astean behin edo bitan zerbait mugitzea, eta horri beraien kabuz egiten hasi diren ariketa gehituta, nabaritzen da. Oso kontentu daude. Gurea ez da jarduera fisiko bat bakarrik, jarduera soziala ere bada. Jendearekin elkartzen dira, gero kafea hartzen dute, nirekin hitz egiten dute...

Etxean Bizi programarekin etxetik mugitu ezin diren pertsonekin lan egiten duzu.
Bai, mugikortasunagatik etxetik atera ezin direnekin lan egiten dut. Lehenik eta behin, pertsona bakoitzaren testuingurua ezagutu behar da, eta horren arabera ariketa fisikoa egiteko planifikazioa egiten dugu. Beraiekin ariketa fisiko hauek egiteaz gain, bere zaintzaileei ere erakusten dizkiet, ondoren zaintzailearekin egunero ariketa horiek landu ditzaten. Oso komenigarria da, eta kasu egiten didate, bueltatzen naizenean hobetu dutela konturatzen naizelako. Helburua pertsona hauek autonomo izatea da. Asteartetan bi saio ditugu Etxean Bizi programara bideratuta, eskasegi agian, baina moldatu behar. 

Altsasuko osasun eskualdean zein talde sortzea nahiko zenuke?
Ttipi-Ttapa paseo talde bana Altsasun, Ziordian eta Olaztin, eta hausturak ekiditeko tailerra Altsasun, jarduera fisiko gidatua ikastaroarekin batera, Etxean Bizi programa ahaztu gabe. Ea aurki hasteko gai garen.