Dantzariak plazara

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2022ko mai. 12a, 15:37

Maiatzaren 8an Altsasuko Dantzari Txiki Eguna ospatu zuten 110 bat dantzarik. Urretxuko Lurra Dantza Taldeak, Irurtzungo Orritz Dantza Taldeak eta Etorkizuna Dantza Taldeak parte hartuko dute. Bi urteren ondoren "gogotsu" zeuden.

Pandemiagatik bi urtez ospatu gabe egon ondoren, maiatzaren 8an, Altsasuko Dantzari Txiki Eguna egin zuten Alde Zaharreko Festen egitarauren barruan. Etorkizuna Dantza Taldea anfitrioia izan zen, eta Urretxuko Lurra Dantza Taldea eta Irurtzungo Orritz Dantza Taldea izan ziren gonbidatuak. Egoerak bultzatuta, goizeko egitaraua prestatu zuten, ohikoa izaten zen dantzarien bazkaria eta arratsaldeko emanaldia bertan behera utziz; izan ere, COVID-19 birusak sortutako pandemiaren egoerak hobera egin duen arren, arriskuak gutxitu nahi izan zituzten antolatzaileek. Datozen urtetan egun osoko egitaraua berreskuratzen saiatuko direla esan du Iñaki Agirre Altsasuko Musika eta Dantza Eskolako euskal dantza eta Etorkizuna Dantza Taldeko irakasleak.

Altsasuko Dantzari Txiki Eguna duela 27 urte inguru ospatzen dela esan du Agirrek eta etenaldi bakarra pandemiaren bi urteak izan dira. Igandean "gogotsu" itzuliko ziren dantzari txikiak kalera, eta Altsasuko Musika eta Dantza Eskolatik atera ziren eta herritik kalejira egin zuten, hiru puntu desberdinetan gelditu, eta bertan emanaldia eginez. Iortia zabalgunean bukatu zuten.

Dantza Taldeak
Etorkizuna Dantza Taldea 1990ko hamarkadan sortu zuten. Agirre "pixka bat beranduago" hasi zen irakasle. Dantza eskolaren hastapenetan Jesus Mari Garate edo Anabel Beramendi irakasleak egon ziren. Duela 25 bat urte irakaslearen ardura hartu zuen, eta gaur egun dantza irakasle jarraitzen du. Beste garai batean "agian" dantzari ere izateko tentazioa izaten zuela aitortu du, "orain urteak pasa ahal oso argi daukat nire garaia pasa zela". Gaur egun, dantza eskolan 90 dantzari inguru daude, adin guztikoak. Normalean bost urterekin hasten direla azaldu du Agirrek, "eta beraiek iraun nahi duten bitartean" egoten dira taldean.

Irurtzungo Dantza Taldeak 33 urte beteko ditu aurten. Irati Ollakarizketa Iriarte taldeko irakaslea eta dantzaria da. "Helduen eta haurren taldea dugu eta helduen taldean dantzari aritzen naiz. Beste alde batetik, txikien irakaslea naiz". Helduen taldean hogei bat dantzari daude, eta txikiak 40 inguru dira. Gehienbat dantza taldean Irurtzun eta Arakil inguruko jendea dago, baina Izako jendea dagoela eta Uharte Arakilgo eta Lekunberriko jendea izan dela esan du Ollakarizketak. Taldea osasuntsu dago: "Uste genuen pandemiak kalte gehiago egingo zuela, baina indartsu itzuli gara". Bi urtez dantza egin gabe egon ondoren jendeari "sekulako mina" egingo ziola uste zuten, baina "hutsetik hasteko" aukera bat bezala ikusi zuten. "Azkenean, guk ere dantzak erdi ahaztuta genituen, orduan deialdia ireki genuen jende berria sartzeko, eta jendea sartzea lortu dugu".

Urretxuko Lurra Dantza Taldea ezaguna da Altsasuko Dantzari Txiki egunean, urte askotan izan delako. Taldeak 58 urte eginen ditu, eta Juan Luis Elgarresta Murillo irakaslea hasieratik egon ez bada ere, "gutxigatik" da; 44 urte daramatza taldean. Irakaslea ez ezik, taldean bi alaba ditu. Momentu honetan haurren eta helduen taldeak kontuan hartuta 90 pertsonak osatzen dute taldea. Gehienak Urretxukoak dira, baina herriak Zumarragarekin duen gertutasunagatik bertako jendea ere dagoela esan du, baita Legazpiko eta Ezkioko jendea dago ere. Pandemiak "izorratu" diela aitortu du: "Kopuru jaitsiera dezente izan dugu". Lana egiten jarraituko dutela esan du Elgarrestak, "eta espero dugu datorren ikasturtean gutxieneko kopurua berreskuratzen joatea". Taldea "indartsu" dagoela esan du.

Dantzari txikiak Ekimenaren izenburuak dioen bezala, Dantzari Txiki Eguna, dantzari txikien ospakizuna izan zen eta, beraz, dantza taldetako haurrak izan ziren protagonistak. Guztira, 110 haur inguruk parte hartu zuten. "Malgua eta egoeraren araberakoa da. Garai batean Dantzari Txiki Egunetan 16 urte bitartekoak parte hartzen zuten. Gaur egun, dantzari txikiagoentzat bihurtu da", azaldu du Agirrek. Muga non jarri ez dakitela esan du irakasleak. "Nerabeak batzuetan adin batetik aurrera ez dute parte hartu nahi, orduan guk taldearen beharren arabera erabakitzen dugu". Taldekideei parte hartu nahi duten edo ez galdetzen diete. "Ez ditugu ikasleak behartu nahi horrelako gauzatara". Aurtengo edizioan Altsasuko dantza eskolako 5 eta 13 urte bitartekoek parte hartuko dute, 40 dantzari inguru.

"Altsasuko gonbidapena oso pozik hartu dugu. Beti ilusioa egiten digu horrelako ekitaldietara gonbidatzen gaituztenean. Bi urte geldirik egon ondoren, haurrei ere ilusio egin die, eta gogotsu daude". Ollakarizketak azaldu zuenez, Irurtzundik ere 40 bat haur eta gazte joan ziren Altsasura. "Eskaini ditugun dantzak beti eskaintzen ditugunak dira: esku dantza, jauziak... Baina batez ere haurren esfortzu guztia, gogoak eta ilusioa erakutsiko ditugu".

Altsasuko Dantzari Txiki Egunera etortzeko lehenengo kontaktuak urtarrilean izan zituztela esan du Elgarrestak. "Gauzak hobetzen ari dira, eta ideia bat argi geneukan: egin behar zen bai ala bai". Hala ere, guraso eta irakasle bezala zenbait arrisku ikusten zituzten, gehien bat bazkariaren gaiarekin. "Egitekotan goizez bakarrik egitea pentsatu genuen, eta gero bakoitza bere etxera bazkaltzera". Betiko formatuan ez bada ere, behintzat haurrei aukera hori ematea garrantzitsua zen. "Kalean zehar ibiltzen bagara ez dago hainbeste arazorik. Hamaiketakoa kalean ematea ere, ongi. Baina barrualdean bazkaria egitea eta abar... Errespetu pixka batekin ikusten zen". Kontaktuan jarri zirenetik gaur egun arte, "gauzak asko aldatu dira", eta, besteak beste, dagoeneko haurrek ez dituzten ikastetxetan musukorik eraman behar, "baina garrantzitsuena zen aukera ematea". Lurra Dantza Taldeko 35 haur izan ziren Altsasun. "Azkenengo bi urtetan gure lehenengo irteera da". Kulturarekin pandemian zehar administrazioak izan duen jarrera kritikatu du urretxuarrak: "Futbola ikusteko ez zegoen arazorik. Kulturan ere profesionalak aritu dira, baina guk ezin genuen".

Hitzarmenak
"Bi gauza desberdindu behar ditugu. Alde batetik dago dantza eskola eta, beste alde batetik, Etorkizuna Dantza Taldea. Altsasuko Musika eta Dantza Eskolan dantza irakaskuntzaz arduratzen gara, gehienbat. Gero Etorkizuna Dantza Taldea emanaldietan parte hartzeko mantendu da", azaldu du Agirrek. Altsasuko Musika eta Dantza Eskola udalarena da, eta Etorkizuna Dantza Taldea bertako dantzariekin sortutako talde bat da, eta Dantzari Txiki Egunaren antolatzailea da. "Batzuetan udalarekin hitzarmenak izaten dira". Etorkizuna akademia zenean, azaldu duenez, udalarekin "lokalak erabiltzeko eta hainbat ekintzaren bitartez dirulaguntzak jasotzeko" hitzarmena zuen. Gaur egun, taldearekin ez duena.

Orritz Dantza Taldeak Atakondoa ikastetxeko gimnasioan entseatzen du. "Irurtzungo Udalarekin hitzarmena dugu. Entseatzeko lokala uzten digu, baita arropak eta materiala gordetzeko toki bat ere". Ondorioz, urtean zehar zenbait emanaldi hitzartuta dituztela azaldu du Ollakarizketak. Urretxuko Udalarekin ere hitzarmena dutela azaldu du Elgarrestak. Lizeon entseatzen dute, eta normalean entseguak banatzen dituzte, "bestela, nahiz eta lokala handia izan, denok batera ez gara satzen". Ostiral arratsaldean elkartzen dira, haurren eskolaz kanpokoen ordutegiak eta abar kontuan izaten dituztelko. "Helduekin beste ordutegi batzuk izaten ditugu, baina haurrekin 20:00ak arte egoten gara".

Tendentziak
Etorkizuna Dantza Taldean Euskal Herriko herrialde guztitako dantzak lantzen dituzte. "Urte hasieran aukeratzen ditut mailaren arabera zer dantza egingo dituzten", azaldu du Agirrek. Horietatik Dantzari Txiki Egunerako batzuk aukeratzen ditu, "ez ditugu guztiak eramaten". Txistulariekin ere dantzak adosten dituzte.

Tradizionalki Euskal Herriko herrietan dantzatu izan diren euskal dantzak egiten dituzte Orritz Dantza Taldean. "Horietan sartzen dira bai jotak bai paleoteadoak makilekin dantzatzen direnak eta abar. Dantza pila bat daude". Ollakarizketak esan duenez, ez dira tendentzia berrietan "asko sartzekoak".

Elgarrestak euskal dantzan sortzen ari den tendentzia berrien "kontran" dago. "44 urte euskal dantzan daramatzat. Aurten Nafarroako Erriberrian Ribaforadako dantzak ikasten egon naiz. Dantza berri bat. Seguruenik Gipuzkoako bakarrak izango gara". Gogoekin eginez gero gauza asko lor daitezkela uste du Urretxuko dantza irakasleak. "Ikusten dugu Nafarroa aldean dantza zaharrak berreskuratzen ari direla. Horretarako gaude gu". Jaialdietan parte hartzen dutenean "ez ditugu beti dantza berdinak egingo". Programa oso zabala dutela azaldu du. "Jantzi aldetik ere badaukagu jantziteri ikaragarri polita eta aberatsa". Oinarrizko "kutsu hori" galtzen ari dela dio, "esentzia galtzen ari da. Euskal dantzak aukera guztia ematen dizu. Dantzari izatea zer den ikusten duzu". Gorputz mota guztiekin dantza egin daiteke. "Edozein herritan herriko jendeak dantza egiten zuen eta hori ematen dugu". "Ezagutzen dut jendea nahasketarekin koreografia bat egin dutenak. Guk ere egiten dugu koreografiaren bat. Baina emanaldi baterako da, ez jaialdi baterako".

Egoera berria
Altsasuko Dantzari Txiki Egunean parte hartu zuten hiru dantza taldeak gogotsu itzuli ziren plazara. Udaberrian eta udan hainbat emanaldi aurreikusi dituzte, nahiz eta Agirrek aitortu duen, uda "konplikatua" izaten den, gehien bat oporraldien garaia delako. "Oraindik zehaztu behar dugu zenbat talde, zenbat dantzari eta abar dauden data horietan". Momentuz bi edo hiru emanaldi aurreikusita dituzte.

Orritz dantza taldea uztailari begira dago, Irurtzungo festetara. "Ikuskizun handia izan ohi da, guretzako aktuazio garrantzitsua eta berezia da". Festetako lehengo egunean helduek dantzatzen dute eta azken egunean haurrek. "Gure herrian da eta ikasturte osoan zehar landu ditugun dantzak erakusteko momentua da". Plaza betetzen da, eta "herrian dantzatzeak eta horrelako giroa sortzeak" ilusioa egiten duela esan du Ollakarizketak. Betelun eta Irañetan aritzeko deitu diete ere.

“Eskerrak gauzak mugitzen hasi diren. Beste urte bat geldirik eta seguruenik hurrengo urterako atea itxiko genuke", esan du Urretxuko dantza taldeko irakasleak.

Erlazionatuak