Txirrindularitza

Iker Mintegik afizionatuen palmaresa mustu du

Guaixe 2022ko mai. 16a, 11:30
Iker Mintegi, helmugara heltzen. UTZITAKOA

Laboral Kutxako txirrindulariak afizionatuen mailako X. Iturmendiko Trofeoa irabazi zuen igandean

Maiatzaren 8an Natxituan jokatutako Euskadiko Txapelketan hirugarren izan eta gero, astebetera afizionatuen mailako lehendabiziko garaipena lortu du Iker Mintegi Claver (Laboral Kutxa) txirrindulari altsasuarrak, X. Iturmendi Trofeoan gailendu eta gero. Joan zen urtean Igor Arrietak irabazitako lasterketaren lekukoa hartu du, beraz, Iker Mintegik. 

Urbasa Txirrindularitza Taldeak antolatutako lasterketa Euskaldun Txapelketarako baliagarria zen. Antolakuntzak aldaketak egin zituen ibilbidean. Aurtengoa 145 kilometroko lasterketa gogorra zen, eta txirrindulariek zirkuitu bati 8 itzuli eman behar izan zizkioten, Altamira beste horrenbeste aldiz gainditu. Lasterketa oso mugitua izan zen hasieratik, baina lasterketak 2 orduko iraupena zuenean 19 txirrindularik ihes egin zuten, eta berehala tarte handia atera zioten tropelari 

Zirkuituaren 6. itzulian Diego Uriartek (Lizarte) bakarrik gainditu zuen Altamira, baina aurreko talde horretan erasoak ugaritu egin ziren. Renoux (LAB) aurreratu zen ondoren, baina bukaera aldera Iker Mintegik erasoa jo zuen, eta taldetxoari metro gutxi batzuk aterata, bakarrik iritsi zen helmugara (3:29:28), bere palmaresa mustuz. Bigarren Diego Uriarte (Lizarte) eta hirugarren Javier Ibañez (Rural Kutxa-Alea) sartu ziren. 

Laboral Kutxako Ailetz Lasa ziordiarra hamabosgarren sartu zen, 1:37ra, eta Rural Kutxa-Aleako Martzel Etxeberria iturmendiarra 32., 4:43era. Telcom taldeko Iker Cerviño 36. sailkatu zen, eta Rural Kutxa-Aleako Jon Erdozia 37.

Taldeka, Iker Mintegiren eta Ailetz Lasaren Laboral Kutxa izan zen onena.