Nafarroako Antzoki Sareak, La Caixa fundazioaren laguntzarekin, sortutako Oholtzara Salto programaren Dantzabideak ekimena Sakanara iritsi da aurten ere. Ekimenaren barruan Dantzaz konpainiak Gesala ikuskizuna aurkeztuko du maiatzaren 20an, ostiralean, 18:00etan, Iortiako zabalgunean. Ikuskizuna Gil Harushen koreografia bat da eta tradizioei eta aurrerabideari buruz hitz egiten du; Getarian inspiratuta dago, genero ikuspuntu batetik. Programaren barruan Dantzaz taldeko dantzariek dantza erresidentzia eginen dute Altsasuko BHIko eta Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako DBHko bigarren mailako ikasleekin eta ostiralean, Gesala ikuskizunaren aurkezpenarekin batera, arte egonaldian sortutako koreografiak erakutsiko dituzte.