Astekaria

"Emakumeok ulertu dugu zein zen gure tokia"

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2022ko mai. 17a, 14:22

Aitziber Campion Ganboa. TREBATUS

Sakanako Mankomunitateko Berdintasun zerbitzuak jendaurrean hitz egiten ikasteko emakumeendako ikastaroa antolatu du. Formazioaren "bide" horretan sartzen direnen bidelagun da Aitziber Campion Ganboa. 

Trebatus proiektua sortu du ere.

1. Nor da Aitziber Campion Ganboa?
Txikitan antzerkia egin nuen, eta asko gustatzen zitzaidan publikoaren aurrean aritzea. Institutuan hizkuntzekin oso ongi moldatzen nintzen, eta unibertsitatean filologia aukeratu nuen. Gerora jakin nuen hizkuntzetatik komunikatzeko gaitasuna gustatzen zitzaidala. AEKn eskolak eman nituen eta, ondoren, neourolinguistikora, coaching eta horrelako gauzetara jo nuen. Lan geldialdia egin nuen eta neukan ezagutza hori guztia metatzen hasi nintzen. Zer izatea gustatuko litzaidakeen pentsatu eta gaur egun arte iritsi gara, Trebatus bezalako proiektu batekin.

2. Zer da Trebatus?
Oinarrian komunikazioa dago. Pertsonen artean, harremanaren oinarrian, egoten den komunikazioa. Hori oinarri hartuta formazio ikastaro batzuk diseinatu nituen talde dinamizazioarekin, lan taldean, lan kolaboratiboan edo elkarlanean aritzearekin zerikusirik dutenak. Baita jendaurrean hitz egiteko gaitasuna garatzekoarekin ere.

3. Ahozko komunikazioak gaur egungo munduan eta datozenean garrantzia dauka?
Izaki sozialak garen heinean eta besteekin komunikatzen beharra dugun heinean, beti izango du. Garai desberdinetan balio desberdina izan du. Pentsatu beharko genuke norengan ikusi ditugun gaitasun horiek edo nori egotzi diogu hitz egiteko gaitasuna edo artea. Demokratizatuz joan da. Lehen oso gutxiren esku zegoen, ia superbotere bat zen. Denborarekin ikusi dugu pertsona guztiek behar dugula jendaurrean hitz egin, eta ezintasunean ikusi dugu duen garrantzia. Baita sare sozialetarako ere.

4. Emakumeei bideratutako ikastaroa da. Zailagoa dugu?
Jendaurrean hitz egiteko superbotere horrek oso harreman estua dauka espazio publikoaren okupazioarekin; zein egoten den begirada guztien erdian. Gizonek dituzte gaitasun horiek eta espazio horiek. Emakumeak hortik kanpo gelditzen dira horrela ikasi dugulako: isilik eta beti bazter batean. Erabaki guneetan egoteko gaitasunik ez dugu. Garapen txiki bat badago, baina oraindik baditugu espazio asko konkistatzeko.

5. Jendaurrean hitz egite horrek emakumea ahaldundu dezake?
Bai. Ez da bakarra; beste neurri bat izan daiteke. Laneko bilera bat izan daiteke hitza hartzea kostatzen zaigunean... Horri buruz hausnartzea lortzen badugu eta tresna batzuk hartzea, ahaldunduko gaitu gure iritzia eman ahal izateko. Gutxienez espazio batzuetan lagunduko digu.

6. Zerk galarazten du emakumeak jendaurrean hitz egite horrek?
Begiratu behar dugu emakume izateagatik nola izan garen sozializatuak. Txikitatik erakusten digute eta barneratzen dugu isilik egon behar dugula, txintxo, eta ez dugula arretarik gureganatu behar. Horren gainean eraikitzen dugu nortasuna. Gure bizitzan errepikatzen joan da, eta dena keremu pribatura eramaten gaitu. Ulertu dugu hori dela gure tokia.

7. Erlaxatzeak meditazioak eta abar jendaurrean hitz egiteko lagun dezake, ezta?
Meditazioak eta erlaxazioak laguntzen du orokorrean bizitzan. Baita pentsamendu positiboa ere. Baina neurriko hausnarketa bat gehitu behar diogu; ezin dugu ahaztu testuinguru bat dagoela eta ezin du hartu bere errutzat jendaurrean hitz egiteko beldur hori izatea. Testuinguru bat dago, sozializazio oso batek barneratu dio hori ez dela bere lekua.

8. Hezkuntza prozesuan ere pausuak eman beharko lirateke?
Gogoan dut egiten genuenean yankiekiko miresmen bat zegoela. Atera zaitez eta ohitu zaitez fokuan egoten eta denon begirada jasotzen. Bada zerbait, baina tresnaz lagunduta joan behar da. Jendaurreko esposizio horrek ibilbide bat behar du.

9. Ikasten den zerbait da, berezkoa edo pixkanaka lantzen dena?
Ez da batere gaitasun estatikoa. Ikasten zoazen heinean eta bizitzan dituzun esperientzien arabera gaitasun gehiago hartzen dituzu. Ikastaroko tresnak praktikara eraman behar dituzu, edozein aukera baliatuz.

10. Nola antolatzen dituzu saioak?
Eduki teorikoak eta praktikoak ditu. Hiru ildo dauzka: abiapuntua, espresioa edo adierazpena eta, azkena, motibazioa.

11. Erreferenterik?
Erreferenteak baino gehiago adibideak: azalpenak entzuten ikasleak adi dituen irakaslea eta ipuinak kontatzen dituen amona.

Erlazionatuak