Euskararen alde Euskal Herrian barna egiten den ekimen erraldoia da Korrika. Herri batean hasi eta hiriburu batean bukatzen den errelebo lasterketa da. Bai, parte hartzaileek, txandaka, 11 egunez laster egiten dute. Eta atletismo probetan bezala, lasterkariek lekuko bat pasatzen diote elkarri. Gure hizkuntza erabiltzean egiten dugun bezala, hura bizi mantentzen dugu kolaborazioaren bidez. Lekukoak helmugara iritsi beharra du, barruan mezu ezkutu bat duelako. Testua euskararen komunitateko erreferentziazko pertsona batek idazten du eta hizkuntzaren aldeko aldarria du. Mezuaren idazlea bera da, antolatzaileekin batera, azken kilometro horretan laster egiten duena eta gero hura irakurtzen duena.
Euskararen aldeko “erokeria zoragarri” hori AEK-k antolatzen du. Erakunde hori pertsona helduen euskalduntzeaz eta alfabetatzeaz arduratzen da. Horretarako, euskaltegi sarea dauka Euskal Herrian barna. Korrika antolatuz AEK-k bi helburu bete nahi ditu. Batetik, euskararen aldeko kontzientzia suspertzea. Eta, bestetik, bere euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea. Lehenengo helburua herrietako, auzoetako eta hirietako euskaltzaleen aktibazioarekin lortzen du. Euskararen alde laster egitea gauza positiboa da hizkuntza estimatzen dutenendako, euskaldunak izan edo ez. Eta are gehiago pandemia “pasa” ondoren dagoen bizipoz premiarekin.
Bigarren helburua lortzeko lekukoa eramaten dutenek dirua pagatu behar dute. AEK-k lasterketako kilometroak saltzen ditu. Horrek kilometroa erosten dutenei martxaren buruan joateko aukera ematen die. Pertsona solteek, lagun taldeek, kirol, kultura edota gizarte taldeek, alderdi, sindikatu eta erakunde ofizialek erosten dute Korrikako km-a. Horrela, AEK-k Euskal Herrian barna bere sarea mantentzen du eta herria euskalduntzeko bere ekarpena egiten du. Korrika bi urtetik behin antolatzen da, hurrengoa, beraz, 2024an izanen da.
Munduan barna
Euskal diasporak Korrika munduko makina bat txokotara eraman du. Han eta hemen dauden euskal komunitateetako kideak egun batean elkartu eta euskararen alde laster egiten dute munduko hainbat hiriburuetan, Mexiko DF barne. Bestalde, hizkuntzaren alde laster egitearen ideiak Euskal Herritik kanpo harrera ona izan du eta antzeko ekitaldiak antolatzen dira hainbat herrialdetan. Ibilbide motzekin hasi ziren batzuk, eta edizioz edizio dimentsio handia hartzen ari den hizkuntzaren aldeko ekitaldiak dira.
Mallorkan katalan hizkuntzaren alde 1993an hasi ziren “Korrika”. Hizkuntza beraren alde Valentzian 1995ean bereganatu zuten ekimena, eta Herrialde Katalanetan 1996etik egiten da Korrikaren moduko bat. Galizian galegoaren aldeko lasterketa egiten 2000. urtean hasi ziren. Irlandan gaelikoaren aldeko aurreneko “Korrika” 2010ean antolatu zen. Galesek ere bereganatu zuten Korrikaren ideia eta 2014an ekin zioten antolaketari. Bretoieraren aldekoa 2008an hasi ziren antolatzen. Eta okzitanieraren aldeko lehen lasterketa 2018an egin zuten Okzitanian. Herrialde bakoitzean ekimenak izen propioa du: Correllengua, Correlingua, Rith, Ras yr laith, Ar Redadeg eta La passem.
Aurtengoa
Martxoaren 31ko 16:30ean abiatu zen Korrika Amurriotik (Araba) eta Donostian (San Sebastian, Gipuzkoa) bukatu zen apirilaren 10eko 12:30ean. 2.575 km-ko ibilbidea. Lekukoa eskuz esku ibili da. Hura eramateko pagatu dutenez aparte makina bat herritarrek ere laster eginez bat egin du euskararen aldeko aldarrikapenarekin. Korrika euripean hasi zen, fronte hotzak elurra ekarri zuen lehenik eta izotza ondoren, baina bidean aurrera egin ahala eguzkia nagusitu zen eta bero ederrarekin bukatu zen errelebo lasterketa. Klima eragozpen guztiei aurre egin zieten lasterkariek.
AEK-k Korrika bakoitzerako lema bat eta mezu bat aukeratzen ditu. Aurtengo lema Hitzekin izan da. Hitz eta ekin hitzak batuz sortutako lema. Haren bidez AEK-k adierazi duenez, “oraingoa une erabakigarria zaigu bizi dugun hizkuntza larrialdi latzari aurre egiteko; ordua dugu mugitzeko, mundu osoko lengoaia gutxituok HITZen partida irabaz dezagun. EKIN diezaiogun, nork bere HITZEKIN”. Korrikaren aurkezpenean AEK-k hizkuntza erabiltzera deitu zituen hiztunak, euskara ez dakitenei ikastera eta administrazioei hizkuntzaren aldeko konpromiso aktiboa izatera. Azken horrekin lotuta, Korrikan zehar, euskara ikasi nahi duten pertsona helduek hori dohainik egiteko aukera eskatu zuen, hizkuntzaren ezagutzaren unibertsalizaziorako pauso handia delako.
Aurtengoa Korrikaren 22. edizioa izan da. Eskuz esku ibili den lekukoaren barruan Karmele Jaio idazleak idatzitako mezua zegoen. Jendetzaren aurrean irakurritako mezuan Jaiok adierazi zuenez, “euskarak behar du hezurdura bat, anatomia bat, arnas aparatu bat eta nerbio sistema bat”. Euskara “bizitzaz lohitzera” deitu zuen.
Baita “euskararekin hainbat inertziaren kontra” egiteko eskatu ere. “Hitzak hustu diren garai batean, bete ditzagun euskararen berbak harri eta herriz. Dena erosi eta saldu omen daitekeen garaian, erakutsi dezagun zein merkea den gure hizkuntza: debalde hartzen dugu herriaren ahotik eta debalde ematen diogu herriaren belarriari. Indibidualismoa indartuz doan garaian, egin dezagun euskara kolektibo bat, denon artean eta denona. Gerren sasoian, lehenetsi dezagun beti hitza. Influencer eta youtuberren aroan, izan ditzagun guk bestelako jainko txiki inspiratzaileak”. Orduan euskararen alde lan isila egindako zenbait gizon-emakume aipatu zituen.
Bukatzeko, Jaiok adierazi zuen, “euskara ez dela zaila, euskara dela nahia”. Ziurtatu zuenez, “hizkuntza bat egunero hasten da, egunero bizitzen delako. Hizkuntza bat ez delako jaiotzen, egin egiten delako”. Horregatik, idazleak nabarmendu zuen: “sinistu dezagun euskara ez dela daukagun zerbait, garen zerbait baizik. Ekin euskarari, eutsi kateari”.
Hori guztia irakurrita, irakurle, ariketa txiki bat proposatzen dizut orain. Azken hiru paragrafoak berriro irakurri, baina euskara jartzen duen bakoitzean maia hitzagatik ordezkatu. Ea zer iruditzen zaizun emaitza. Eta Korrikaren aurtengo kantak esaten duen moduan: sentitu, pentsatu, hitzekin!