Ikus-entzunezko Lege berrian euskararen gutxieneko presentzia arautzea eskatu dute

Guaixe 2022ko mai. 18a, 10:04
Alex Aginagalde Pantailak Euskarazeko bozeramailea eta Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia. UTZITAKOA

Euskaltzaleen Topaguneak, Tokikomek, Hekimenek Pantailak Euskarazek eta Euskalgintzaren Kontseiluak egin dute eskaera. Ikus-entzunezko Lege berriak euskararen etorkizunean izango duen garrantzia azpimarratu dute. Legeak jaso beharreko ardatzak zehaztu eta hizkuntza gutxitu bakoitzak. Euskal alderdiei eskatu diete gutxieneko duina onartzeko urratsak egin ditzatela.

Espainiako Kongresuko Ponentziaren Batzordean Ikus-entzunezko Lege berriaren eztabaidari ekingo diote ostegunean, eta eztabaidaren atarian, Legeak bere egin behar dituen ardatz nagusiak proposatzeko agerraldia egin dute  Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, Iban Arantzabal Tokikomeko presidenteak, Igor Astibia Hekimenen koordinatzaileak, Alex Aginagalde Pantailak Euskarazeko bozeramaileak eta Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak. Eragileek esan dutenez, “orain hartuko dira behin betiko erabakiak, etorkizuna baldintzatuko duten erabakiak. Aurreikusten da maiatzaren 26an bozkatuko dela osoko bilkuran”.

Bost eragileen iritziz, “legeak euskararen gutxieneko presentzia berariaz arautu” behar duela uste dute. Hori dela eta, legeak bost ardatz jaso behar dituela adierazi dute. Batetik, aldez aurreko finantzazioari dagokiona dago. Eskatu dute hizkuntza gutxitu bakoitzari, gutxienez, %8 esleitzea. Eta, horrekin batera, katalogo orokorrean berezko hizkuntza gutxituei %40 esleitzea, “baina halabeharrez jasoko da hizkuntza bakoitzak gutxienez %12 izango duela”.

Horrekin batera, diru publikoz egindako lanetan euskarazko, katalanezko eta galizierazko bikoizketa eta azpidatziak txertatzeko betebeharra ezartzea, horretarako erakunde publikoek
behar den erraztasunak ematea eskatu dute. Gainera, telebista publikoetan ere gutxieneko kuotak ezartzea: lurralde albistegiak bertako hizkuntza ofizialean egitea, Clan TVko edukiak bikoiztea… Aldi berean, eskatu dute plataformetako menuak euskaraz ere jartzea. Aldi berean, kokapen geolokalizazio bitartez euskarazko edukiak nabarmentzea eskatu dute. Eta, azkenik, autonomia erkidegoek legea garatzeko eta beraien hizkuntza ofizialak sustatzeko betekizun berriak sartzeko aukera izatea.

Azkenik, eragileei alderdiei eskaeran zehatza egin diete: “eskaerak onartzeko pausoak egin ditzatela”. Ikus-entzunezkoek euskararen etorkizunerako duten garrantziaz ohartarazi dituzte alderdiak. “Izan ere, geroz eta ordu gehiago pasatzen ditugu pantailen aurrean, baina horietan ez dago euskarazko eskaintza handirik. Horrek eragina du euskarazko erreferenteak ez izatearekin, eta egoera hori emendatzeko aukera garrantzitsua izan daiteke lege horretan plataformetan euskarari lekua egingo zaiola bermatzea”.

Ikus-entzunezkoen garrantziaz
Paul Bilbaok eta Alex Aginagaldek agerian utzi dute Lege horrek euskararen etorkizunean eta
berreskurapen prozesuan izango duen eragin handia, eta horregatik, “gure hizkuntzaren presentzia duina bermatzeko gutxieneko neurriak jasotzeko» eskatu dute. Azken hilabeteotan ikus-entzunezkoetan euskararen presentzia bultzatzera bideratu diren ekimen eta lanketa ugariak balioan jarri dituzte: Netflix Euskaraz, Disney+ Euskaraz, Filmin Euskaraz, Zinemak Euskaraz, 3000 Twitz... “Eskubideen bermeaz ari gara, baina horretaz gain, beharra dago eta herritarrak eskatzen ari dira. Pantailak Euskaraz manifestuaren inguruan izandako adostasun zabalean eskaera batzuk jaso ziren ikus-entzunezko legeari dagokionez” gogoratu du Aginagaldek.

Legeak izandako ibilbideaz
2020ko abenduan, Espainiako Gobernuaren Ministro Kontseiluak Ikus-entzunezko
Komunikazioari buruzko Lege Orokor berriaren aurreproiektua aurkeztu zuen. Zirriborro
horretan berezko hizkuntzen presentzia, eta ondorioz, euskararena, oso marjinalak ziren.
Iazko uztailean, Behategiak, Hekimenek, Tokikomek, Euskaltzaleen Topaguneak eta
Pantailak Euskarazek, Kontseiluarekin lankidetzan, ekarpen bateratuak egin zituzten
euskararen presentzia bermatzeko kuotak eskatuz: «Gure ekarpenak ez ziren kontuan hartu,
bat bera ere ez. Ez gureak, ez gainerako berezko hizkuntzen alde lan egiten duten eragileenak
ere» esan du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Azaroan, Espainiako Gobernuak Kongresura helarazi zuen lege-proiektua, berezko hizkuntzei
zegokienez aldaketa esanguratsurik gabe. Onduan, eragileek egindako ekarpenak zuzenketa
bihurtu eta euskal alderdiei bidali zitzaizkien. Aldi berean, Kontseiluak, Plataforma per la
Llenguak, Òmnium Culturalek, A Mesak, Acció Cultural del País Valenciàk eta Obra Cultural
Balearrek euren lurraldeetako alderdiei eskatu zieten legean hizkuntza gutxituen presentzia
areagotzea exijitzeko Gobernua osatzen duten alderdiei. Paul Bilbaoren hitzetan, «alderdiek
zuzenketak egin dituzte, eta batzuen eta besteen artean, guk egindako ekarpenak jasota
daudela esan daiteke. Horrek ez du esan nahi legeak jasoko dituenik, noski». «Egokitzat jo
dugu, esaterako hamabi urte bitartekoentzat eduki batzuk bermatu behar izatea. Halere,
kontuan hartuta lege honek hurrengo urteetako eskaintza arras baldintzatuko duela,
beharrezkoa da modu osoagoan egitea eskaera» gaineratu du.