Mikel Irujo Amezaga Ekonomia eta Enpresa Garapeneko kontseilariak eta Izaskun Goñi Razkin Enpresa Politikako, Nazioarteko Proiekzioko eta Laneko zuzendari nagusiak Lacunza Kalor Groupen Lakuntzako lantegia bisitatu zuten asteazkenean. Jose Julian Garziandiak azaldu zienez, lantegia duela 49 urte sortu zuten burdin galdategi gisa. Sukaldeak, ekonomikak, egiten hasi ziren. 1997an aldaketa izan zen enpresan, bi bazkideetako batek hura utzi eta gelditu zena, Jose Julian Garziandiak jabetzaren erdia langileei eskaini zien. Ordutik enpresa lan sozietate anonimo da. Irailean 25 urte beteko ditu ANELgo kide dela. Garziandiak jabetzaren %49 du eta gainontzekoa langileen esku dago. "Eredu hori oso positiboa da guztiondako. Enpresarendako eta langileendako. Guztiok elkar estutzen dugu". Gaur egun enpresa berogailuak eta tximiniak fabrikatzen erreferente bihurtu da. Gasolioa, pellet eta egurra erregai gisa duten galdarak ekoitzi izan dituzte. Gasa erretzekoak egitekotan izan ziren.
Duela 12-14 urte estrategia hausnarketa egin zuen enpresak eta egurra erretzeko berogailuetan espezializatzea erabaki zuten. "Egurraren arloan Europako onenak izan nahi genuen. Produktu, diseinu eta berrikuntzan oinarritutako apustua izan zen". Gaur egun kontinentean sektoreko liderrak dira. "Apustua zaila, konplexua izan zen. Ikusitakoa ikusita orain esatea erraza da, baina orduan ez zen halakorik ikusten. Asmatu genuen", esan du Garziandiak. Ekonomiken ekoizpena gaur egun enpresaren fakturazioaren %15-20 da. Gainontzekoa berogailuak dira. "Lanak ongi egin ditugu eta asko hazten ari gara. Gainera, energiaren prezioak, COVID-19a, gerra eta hori guztia are gehiago laguntzen ari da". Egurrezko berokuntza sistemen alde egiten ari da jendea eta epe ertainerako aurreikuspenak onak direla gaineratu du.
Garziandiak azaldu zuenez, ekoizpenaren %58 estatuan saltzen dute. Gehiena Andaluzia, Extremadura eta Gaztela aldean. Enpresako buruak azaldu duenez, "hemen etxe guztietan berogailua dago, han ez. Hotz egiten duten 20 egunetarako gure produktua erosten dute. Espainiako salmentak izugarri handitu dira". Ekoizpenaren gainontzeko %42 Europa, Amerika eta Australiako 40 bat herrialdetan. Azken estatu horretara Lacunzaren aurreneko berogailuak asteartean iritsi ziren. Garziandiak salmenten hazkundea kanpoan izanen dela aurreikusten du, ez duelako uste Espainian gehiago haziko denik salmentan. Begiz jota dituzten merkatuetako batzuk dira: Suedia, Finlandia, Norvegia eta Estonia. Kanadan eta Amerikako Estatu Batuetan hasi dira saltzen. Horregatik, heldu den astean zortzi langile berri sartuko dira lanera, eta 120 izanen dira. Urtea 140rekin despeditzea aurreikusten du. Duela bost urte 60 langile ziren.
Ikertzen
Lakuntza eta Altsasuko lantegietatik ateratzen diren berogailuen efizientzia pelleta erregai gisa erabiltzen dutenen parera iristen ari da, eta %87-88ko energia eraginkortasuna dute. Juan Carlos Reparaz zuzendari teknikoak azaldu zuenez, "pelleta erregai gisa erabilita isuriak murriztea erraza da, gu hurbiltzen ari gara". Passivhaus etxeetan erabiltzeko moduko berogailu estankoak edo iragazgaitzak egiten dituzte. Eta eredu hori gainontzeko produktuetara orokortzen ari dira. Halakoetan berogailura airea kanalizazio bidez sartzen diote. Berogailuan bertan sortzen den gasaren errekuntza baliatzen dute bero gehiago sortzeko eta errekuntza bikoitz horren bidez berogailuen errendimendua handitzen da. Gainera, airea goitik sartuz kristala garbi mantentzea lortzen dute. Horretan guztian aitzindaria da Lacunza Kalor Group.
Enpresaren laborategian araudiek ezarritakoak baino zorrotzagoak diren neurriak betearazten diete berogailuei. Horren ondorioz, lanak eginda dituzte berogailuak kanpoko laborategietara ziurtapena egitera eramaten dituztenerako, eta berehala lortzen dute produktua merkaturatzeko oniritzia. Araudiak, besteak beste, isuriei erreparatzen dio. "CO2 eta partikulen isuriak murriztu behar dira. Aurrenak ingurumena kaltetzen dutelako eta atzenak pertsonei eragiten dielako". Horiek murrizteko ahaleginean ari dira. Bestalde, jasangarritasunaren aldeko pausoa emanen du aurki enpresak Lakuntzako eta Altsasuko lantegietan eguzki plakak jarriz.