Astekaria

Gizarte ekonomia bulkatzeko hitzarmena

Guaixe 2022ko mai. 24a, 09:03

Jose Julian Garziandia (SEE) eta Ignacio Ugalde (ANEL).

Nafarroako gizarte ekonomiako enpresak elkartzen dituen ANEL elkarteak eta Sakanako Enpresen Elkarteak hitzarmena sinatu dute. Haren helburu nagusia ibarrean gizarte ekonomia sustatzea da.

Ignacio Ugaldek (ANEL) eta Sakanako Enpresen Elkarteko (SEE) Jose Julian Garziandiak sinatutako lankidetza hitzarmenak bi elkarteen arteko sinergiak sustatzeko hainbat ekintza jaso ditu. Sinatzaileen arabera horrek "bi erakundeetako enpresen arteko lankidetza aukerak biderkatzeko eta enpresa kudeaketan eta lidergoan eskumenak hobetzeko balioko du". Aurreratu dutenez, enpresa lankidetzarako beharrezkoa den hurbilketa errazteko proiektu espezifikoetan lan eginen dute, esate baterako, jardunaldiak eta tailerrak, edota garapen profesional eta pertsonaleko guneak. Gainera, ANEL eta SEE elkarlanean ariko dira gizarte ekonomiaren ereduari jarraiki, industria sektorean eta inguruko enpresentzako zerbitzuen sektorean ekintzailetza sustatzeko eta sentsibilizatzeko. Jarduera horiek eskualdeko errealitateari erantzun behar diotenez, SEEk ibarreko ekonomia egoera, baliabideak, tokiko premiak eta enpresa sarea hobeto ezagutzeko duen informazioa emanen du.

Hitzarmenaren alderdi garrantzitsuenetako bat da SEEko kide diren eta finantza zailtasunak dituzten edo belaunaldien arteko txandarik ez duten enpresak identifikatzea, horiek gizarte ekonomiaren ereduaren pean eraldatzeko. Ugaldek adierazi zuenez, "zailtasunak dituen enpresa bat kooperatiba bihurtzeak haren jarraipena ahalbidetu dezake eta enpleguari eutsi. Azken batean, eskualdearen etorkizunaren aldeko apustua da". Akordio horren bitartez, ANELek eta SEEk lan eginen dute ANELen ezagutza eta esperientzia eskaintzeko langileak bazkide langile bihurtzen diren eraldaketa prozesuetan.

ANELgo ordezkariak adierazi zuenez, "gizarte ekonomiak ahalbidetu du Sakanako krisien ondorioak arintzea, enpleguari eustea eta bere enpresen sustraitzea sendotzea. Gaur egun gurekin dauden industria enpresa horietako asko indartu eta mantendu ahal izan dira pertsonak erdigunean jarriz". Besteak beste, Altsasuko eta Sakana elkarte kooperatiboak eta Industrias Laneko, Eseki eta Lacunza lan sozietateak aipatu zituen.