Astekaria

Datu zehatzak eta eskaerak mahai gainean

Guaixe 2022ko mai. 23a, 08:43

Arbizuarrak haur eskolen aldeko kontzentrazioan.

Haur eskoletako ratioak jaitsi eta soldatak igotzeko proposamen zehatza egin die Nafarroa 0-3 plataformak Nafarroako Gobernuari eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari. Konpromiso zehatzak lortu arte grebak segituko du.

Nafarroa 0-3 plataformak deitutako protesta herrialdean dauden 103 haur eskoletatik 77k babesten dute. Gainera, 59tan mugagabeko greba egiten ari dira. Ratioak jaitsi eta soldatak igotzeko aldarrikapenaren alde beste haur eskola batzuk batzen doaz pixkanaka eta, horrek, deialdia eta eskaerak berresten dituela uste dute deitzaileek. Baita zenbait politikok kendu nahi dieten zilegitasuna ematen dielako. 

Testuinguru horretan elkartu zen Nafarroako Udalen eta Kontzejuaren Federazioak eta Hezkuntza eta Lurralde Kohesio departamentuek osatutako mahaia asteazkenean. Bileran, gonbidatu gisa, plataformako kideak eta Hezkuntzako Zuzendari nagusi Angel Sevillano izan ziren. Plataformako kideak bilerara etxeko lanak eginak joan ziren eta gainontzeko mahaikideei proposamen zehatz bat aurkeztu zieten. Ratioei dagokienez, Europako Batzordearen Haurtzaroaren Arretarako sareak aholkatutakoa proposatu zuten: urtea baino gutxiagoko lau umeko hezitzaile bat egotea; urtea eta bi urte arteko sei umeko hezitzaile bat eta bi eta hiru urte arteko zortzi umeko hezitzaile bat. Ratioak jaisteko aukera bat langile gehiago kontratatzea dela mahaigaineratu zuten. 

Soldatei dagokienez, lehenik eta behin eskatu zuten errefentzia bezala Nafarroako administrazio publikoaren soldata taulak kontuan hartzeko, eta ez estatukoak. Zuzendari eta hezitzaileendako %12ko bi osagarri (ardura eta pedagogia) eskatu dituzte. Prestakuntza eta antzinatasun (hiru urteka) osagarriak kobratzeko eskubidea dutela adierazi zuten. Azkenik, urteko lanaldia 1661 ordutatik 1592ra pasatzea eta azken horietako 35 ordu prestakuntzarako izatea eskatu zuten. Plataformaren eskaerak kontuan izanik, zuzendari bat urtean 40.197,98 euro kobratzera pasako litzateke (%29,56), hezitzaile bat 33.333,68 euro (%45,37) eta zerbitzu anitzetako langile bat 26.287,72 euro (%36.97). Plataformatik adierazi zutenez, ikasturte berriaren hasierarako aldaketak nahi lituzkete ratio eta soldaten inguruan. 

Gainontzeko mahaikideek jakinarazi dute heldu den asterako proposamenaren inguruko iritzia emanen dutela. Izan ere, greba dela eta, plataformak proposatuta bilerak astero eginen dituzte. Plataformako kideek nahi lukete federazioko eta gobernuko ordezkariek hurrengo bilerarako haien proposamen zehatzak egitea. Bitartean, eta konpromiso zehatz batzuk izan arte Nafarroa 0-3 plataformak greba mugagabeko deialdiari eusten dio. Bestalde, haur eskolen ordezkariek ez dute ahaztu, batetik, sortutako mahaia ez dela haiek eskatzen zutena, ez baita negoziazio mahaia eta ez baitira eragile aktiboak, gonbidatuak baizik. Gainera, argi dute mahai horretan onartzen dena ez dela loteslea. Izan ere, han adostutakoa ondoren, Nafarroako Parlamentuan aurrekontuarekin, diruarekin, ez bada babesten, egoera berean egonen gara.

Bitartean Arbizuko Kattuka udal haur eskolan gutxi dira umeak eramaten dituzten gurasoak, grebarekin bat egin baitute. Altsasuko Txirinbulo udal haur eskolara guraso batzuk ere umeak eramateari utzi diote eta grebalariak eta lanean ari diren langileek eskertu diete aparte moldatu izana. Altsasun bi hezitzaile daude greban eta beste bi lanean. Azken horietako bat bajan dago protestaldia hasi aurretik eta haren ordezkoa opatu ez zutenez, greba hasieran hezitzaile bat talde batekin egon zen. Dagoeneko ordezkoa lanean dago, baina berria denez, umeek ez dute ezagutzen oraindik. Hezitzaileak topera lanean ari dira, egunez egun moldatzen, baina etsita diote ezin dutela zerbitzu onik eman eta haur eskolaren esentzia galtzen ari dela zentroa, “oso zaila da umeen beharren erritmoa errespetatzea”; haur eskola beharrean haurtzaindegia bihurtzen ari dela diote.