Itsasperrik hartuko du Plazaolako bide berdearen eguna

Guaixe 2022ko mai. 20a, 14:31
Oinezkoak Irurtzungo Plazaola bide berdeko zubia pasa berri. UTZITAKOA

Igandean ospatuko da. Zamartzetik eta Irurtzundik Itsasperrira martxak abiatuko dira 11:00etan.

Arakilgo eta Irurtzungo udalak kide dituen Plazaola turismo partzuergoak 22. Plazaolako Bide Berdearen Eguna antolatu du. Estreinakoz bide berdea ez da eguneko protagonista izanen, Egiarretako Itsasperri ermita erromanikoa baizik. Aldaketa horretarako hiru arrazoi eman dituzte partzuergoko arduradunek. Alde batetik, Itsasperriren enblematikotasuna eta balio historiko eta monumentala azpimarratu ditu. Bestetik, Itsasperri Sakanako etorkizuneko bizikleta bidearen eta Donejakue bidearen erreferentzia gune bihurtu nahi dela, Plazaolako Bide Berdearekin eta, hedaduraz, Eurovelo 1 Europako bizikleta bidearekin lotura indartuz. Eta, azkenik, , abenduko euriteek bide berdea oso egoera txarrean utzi dutela, Imotz, Arakil eta Irurtzungo zatiak kaltetuenak hain zuzen. Partzuergotik azaldu dutenez, Nafarroako Gobernuko Turismo Zuzendaritza Nagusiak dagoeneko aurreratuta du kalte horiek konpontzeko proiektu bat, eta lanak berehala hasteko asmoa du. 

Ibilbide gidatuak, eta beste
Bide berdeek oinezkoak eta txirrindulariak hartzen dituzte. Plazaolako bide berdearen egunean ere bizikletaz eta oinez egiteko ibilbide gidatuak izanen dira 11:00etan. Ibilbideetako bat Uharte Arakilgo Zamartzeko ermitatik abiatuko da 12 km-ko ibilbidea. Bizikletak martxan jarri aurretik, 10:00etan, eraikin erromanikoa ezagutzeko bisita gidatua izanen da nahi duenarendako. Bestea Irurtzungo autokarabana gunetik abiatuko da Itsasperrirantz. Kasu horretan 5 km-ak oinez edo bizikletaz egiteko aukera izanen da. Bi abiapuntuetatik ateratzen diren tropelek laguntzaileak eta zaintza ibilgailua izanen dituzte. Ibilbide horietan parte hartzeko ez da izenik eman behar, baina garaiz iristea eskatu du antolakuntzak. 

Bitartean, Itsasperrin Plazaolako eremuko produktuen azoka hartuko du 11:00etatik aurrera. Bisitariak taloa, sagardoa, gazta, eztia, pitxiak, haziak eta beste eskuratzeko aukera izanen du. Ermitak eguerdian bi jarduera hartuko ditu. Aurrenekoa 12:00etan izanen da eta bisita gidatu baten bidez eraikinaren historia eta bere ondare aberastasuna ezagutzeko aukera izanen da. Materialen birziklapena sustatu eta horrela hondakinen sorrera murrizteko, familiendako animazio tailerra eskainiko du Tramanukulu Haur Jolasak-ek 13:00etan. Ermitak hartuko duen bigarren jarduera 13:30ean izanen da: Sakanako bizikleta bidea proiektuaren aurkezpena. Sakanako Garapen Agentziak aukera hori baliatuko du, esaterako, ibilbidearen planoak erakusteko. 

Itsasperri ingurua jardueraz beteta egonen denez, antolatzaileek autoz joan behar dutenei aholkatu diete Etxarrengo gasolindegian edo Etxarrenen aparkatzeko. Aranburu frontoitik Itsasperrira joan etorrian txutxu tren bat ibiliko da 11:00etatik 14:30era. Bestetik partzuergotik ingurunea zaindu eta zaborrik ez sortu eta ez botatzeko deia egin die parte hartzaileei. 

Plazaola turismo partzuergoak egunaren antolakuntzan Arakil, Irurtzun, Irañeta eta Uharte Arakilgo udalek eta Sakana Garapen Agentziak eta Sakanako Mankomunitateak eskainitako lankidetzari eta inplikazioari eskertu dute. Baita ibilbide gidatuetan boluntario direnei ere. Agrozumosek, Aguas Beteluk eta Lacturalek ekitaldirako beraien produktuak eskaini dituzte, parte hartzaileen artean banatzeko. Egunaren antolaketak Nafarroako Gobernuko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren laguntza eta finantzaketa du.