Bi txirrindulari autoak harrapatuta

Guaixe 2022ko mai. 23a, 10:26

Helikopteroa Altsasutik ospitalera eramaten. UTZITAKOA

Emakumezkoak zaurituta Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zituzten larunbatean eta igandean. Bi harrapaketak ibarra zeharkatzen duen NA-2410 errepidean izan dira.

Atzo goizean auto batek txirrindulari bat harrapatu zuen Etxarri Aranazko dermioan. Ezbeharraren ondorioz, zauritutako emakumezkoa helikopteroz  Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman behar izan zuten larrialdi zerbitzuek. Bestalde, larunbat eguerdian, 12:20 aldera, Urdiainerantz joaten zen txirrindulari bat harrapatu zuen auto batek. Altsasuko Ondarria industrialdean ibilgailuek norabidez aldatzeko dagoen tokian izan zen harrapaketa. Horren ondorioz, 40 urteko emakumezkoa hainbat kolperekin helikopteroz eraman zuten Nafarroako Unibertsitate Ospitalera. Ezbeharraren tokira Altsasuko Udaltzaingoa eta Guardia Civila joan ziren, baina atestatua azken horiek egin zuten. 

Araudia 

Motordun ibilgailuen gidariendako

  • Txirrindulariarekiko edo txirrindulari taldearekiko segurtasun tartea mantendu. 

  • Txirrindulari bat, edo talde bat, aurreratzean segurtasun tartea utzi behar da ibilgailuaren eta txirrindulariaren artean. Ibilgailuek txirrindulariekiko gutxienez metro eta erdiko alboko distantzia gorde behar dute aurreratzean.

  • Aurreratzea debekatuta dagoen errepide zati batean, zilegi da txirrindulari bat edo batzuk aurreratzea, kontrako errei osoa edo zati bat hartuta. Baina bi baldintza bete behar dira: gutxienez 1,5 metroko alboko segurtasun tartea mantentzea eta beste erabiltzaile batzuk arriskuan ez jartzea, kontrako noranzkoan doazenak barne.

    Txirrindulariendako
  • Txirrindulariek baimenduta dute bi lerrotan errepidean zirkulatzea, bidearen eskuinaldean ahalik eta gehien urratuta. Aldiz, ikuspenik gabeko zatietan (kurbak, esaterako) eta pilaketak sortzen direnean, ezin izango dira paraleloan ibili eta ilaran jarri beharko dira.

  • Errepidean, txirrindulariek eskuineko bazterbidea erabili behar dute, baldin badago, zirkulatzeko. Jaitsiera luzeetan bakarrik utzi ahal izango dute, baldintza seguruetan.

  • Txirrindulariek, taldean doazenean, lehentasuna dute biribilguneetan (guztiek, lehenengotik azkenekora), gainerako elkarguneetan bezala, lehenengo txirrindularia bertan sartu denean.