Tafallan egin zuten 2022ko JUUL sari banaketa ekitaldia

Guaixe 2022ko mai. 26a, 13:34

2022ko JUUL literatur hauteskundetan saritutako idazleak eta ilustratzaileak Tafallan. NIE

Nafarroako Ikastolen Elkarteak haur eta gazteendako urtero antolatzen dituen hauteskunde literarioen idazle eta ilustratzaile bozkatuenei saria eman zieten atzo egindako ekitaldian. 

Tafallako Garces de los Fayos ikastolak antolatuko du 2022ko Nafarroa Oinez eta horregatik Tafallako kultur etxean egin zuten atzo JUUL literatura hauteskudeen sari banaketa. Bertan Andra Mari ikastolako ordezkariak egon ziren ere. Nafarroako Ikastolen Elkarteak urtero antolatzen du literatura hauteskundeak, eta ikasleek haien bozkekin idazle, ilustratzaile eta liburu gogokoenak aukeratzen dituzte. Aurten irabazleen artean Jon Arretxeren Beti iparralderantz liburua zegoen. 

Hauek izan dira aurtengo sarituak: Amaia Egidazu Dorotea liburuagatik; Almudena Cid Minutu eta erdiko munstroak liburuagatik; Ibon Martin Onin eta denboraren makina eta Onin eta mitologiaren lurraldean liburuengatik; Enara Garmendia Hiru gara, baina niri bost! liburuagatik; Jasone Osoro Go!azen, New York, New York eta Festa liburuengatik; Estibaliz Vivanco Argixorgin liburuagatik; Jon Arretxe Beti Iparralderantz liburuagatik eta John Andueza Magali ez dago bakarrik liburuagatik. Ilustratzaileen sailean Emmanuel Montiel, Eider Eibar eta Joseba Larratxe izan dira sarituak.