Euriteek kaltetutako pistak konpontzera

Guaixe 2022ko mai. 31a, 14:03
Unanuko eta Dorraoko ikuspegia Lizarragako portuko begiratokitik.

Ibar hondoko herrietan uholdeak izan ziren abenduaren 10ean. Unanun eta Dorraon euriteek kalte handiak eragin zituzten dermioko hainbat pistetan. Horiek konpontzeko kontzejuek udalaren bidez dirulaguntza eskatu dute.

Aspaldiko uholde handiena izan zen abenduaren 10ekoa, makina bat kalte sortu zituena. Nafarroako Gobernuak herrialdean euriteek eta uholdeak kaltetutako 133 udalerrien zerrenda atera zuen eta han Sakanako 15 udalerriak zeuden. Udal eta kontzejuek Nafarroako Gobernuari kalteen berri eman zioten eta haiek zenbatekoa kalkulatu zuten. Unanuko Kontzejuak Beriaingo pistan egindako kalteen berri eman zuen. Dorraokoak, berriz, lau pistatan kalteak zituela adierazi zuen: San Pedro, Gaztanei, Alkarte, Frontona eta Elizbide. Dorraoko Kontzejuko presidente Idoia Resano Igoak azaldu zuenez, "pista batzuetan izugarrizko txikizioa egin zen, erreka ondoetan eta bestetan ere". 

Foru administrazioak kalteen balorazioa egin ondoren toki erakundeei jakinarazi die Nafarroako eta Espainiako gobernuen laguntza jasoko dutela eta lanak erdibana pagatuko dituztela. Beraz, toki erakundeendako ez du batere kosturik izanen pisten konponketak. Bi kontzejuek ez dute batere arazorik izan Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskaera egiteko, bai, ordea, Espainiako Gobernuarekin. Izan ere, erakunde horrek ez ditu kontuan hartzen kontzejuak, eta udalek eskatu behar dute dirulaguntza. "Egoeraren aurrean Nafarroako Gobernuak ez zizkigun erantzun asko eman. Korrika eta presaka Ergoienako Udalak kontzejuen lanen kudeaketa mandatua onartu behar izan du dirulaguntzak jaso ahal izateko. Beraz, Ergoienako Udalak eskatu du dirulaguntza eta bera izanen da bost pisten konponketen arduraduna", azaldu du Resanok, gaineratuz, "laguntzak ematen badizkigute berehala konponduko ditugu pista horiek". 

Bestalde, bi kontzejuek erabaki dute bi herriak lotzen dituen bide bat konpontzea: Dorraoko elizan hasi eta Unanuko Dermiora joaten den partzelariako bidea. Leziza errekaren gainean dagoen bidea jendeak paseatzen erabiltzen du, eta abeltzainek ere. Oso hondatuta dago eta Ergoienako Herri Berritze planaren bidez eginen da.