Cederna Garalurrek Lehen sektorean ekiteko gida argitaratu du. Mendialdearen ekonomia eta gizarte garapena sustatzen duen elkarteko kideen iritziz, "azpimarratzekoa da lehen sektoreak landa eremuetan enplegua sortzeko egiten duen lana, jarduera berriak sortuz, ustiategiak ordezkatuz edo ustiategiak dibertsifikatuz". Hori kontuan hartuta landu dute Cederna Garalurren aipatutako gida. Dokumentua bost atal edo pausotan dago antolatuta, eta galdera eta erantzunen bidez ekintzaileek proiektuetan aurrera egin ahal izateko gainditu behar dituzten alderdi tekniko eta ekonomikoak jaso dituzte gidan. Era berean, Cederna Garalurren gidak ekintzaileendako lagungarriak izan daitezkeen hainbat tresna proposatzen ditu, eta akonpainamendua egiten duten erakunde eta organismoei eta prestakuntza programa esanguratsuenei buruzko bibliografia zabala du.
Garapenerako elkarteak aipatutako gidan eredugarriak diren kudeaketa kolektiboko praktika onak jaso ditu. Gainera, kudeaketa eredu berritzaileak eskaintzen ditu hainbat arlotan: ekoizpena eta eraldaketa, marken merkaturatzea eta sorkuntza, marketina, kudeaketa administratiboa eta instalazioen erabilera komunitarioa. Cederna Garalurrek aurkeztutako gida Noemi Salazar ingeniari agronomoak egin du.
Hilaren 6an aurkeztu zuen gida Cederna Garalurrek. Argitalpen hori elkartearen Lehen Sektorearen Balorizazioa izeneko proiektuaren barruan dago. Cederna Garalur da buru, eta Nafarroako Gobernuak eta Europar Batasuneko LGENF funtsek finantzatzen dute, 2014-2020 aldirako Landa Garapenerako Programaren bidez.