Natur parkea azienda hartzen hasi da

Guaixe 2022ko eka. 1a, 09:03

Artaldea Andian, Sosan. ARTXIBOA

Baimena eskuratzen duten abeltzainek abenduaren 15era arte izan dezakete azienda mendian. Joan den urtean 341 ustiapenetako 39.459 buru izan ziren Urbasa-Andian; gehienak ardiak ziren.

Apirilaren 15etik abenduaren 15era arte abeltzainek Urbasa-Andia natur parkeko larreak erabiltzeko aukera dute, hau da, beraien azienda mendian larratzeko aukera dute. Horretarako, jakina, aziendak osasun baldintza egokiak izan behar ditu. Horregatik, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak abeltzainei hainbat osasun betebehar betetzea eskatzen die. Horrek eragozten du mendian gaitzak zabaltzea eta azienda kutsatzea. Mendi gainean ustiategi gutxi batzuk daude eta haiek urte guztian dute azienda mendian, baina, gainontzeko abeltzainek lau edo sei hilabete artean izaten dute azienda natur parkean. Eguraldiak eta belar kopuruak zerikusia izaten du horretan. 

Oraindik azienda mendira igotzeko aukera dagoenez, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuan urte akabera arte ez dute igo diren buruen kopururik izanen. Hala ere, joan den urtean 341 ustiapenetako 39.459 buru larratu ziren mendian. Haien %76,52 (30.193) ardi azienda izan zen, %11,98 (4.726) behi azienda, %9,91 (3.910) zaldi azienda eta %1,6 (630) ahuntz azienda. Abere horien %51,51 (20.325 buru) Andian larratu zen eta gainontzeko %48,49 Urbasan (19.134). 

Mendiak dituen larreak eta haietan egon daitekeen buru kopurua Azienda Larri Unitateen (AzLU) bidez kalkulatzen dute teknikariek. Joan den urtean 13.259 AzLU izan ziren natur parkeko 15.637 hektareatan, haien %51,98 (6.892) Urbasan eta %48,02 (6.367) Andian. 

Urbasa-Andia natur parkean 2021ean egon zen azienda kopurua
  Urbasa Andia Guztira
Azienda Buru kopurua AzLU Ustiapenak Buru kopurua AzLU Ustiapenak Buru kopurua AzLU Ustiapenak
Ardi 14.081 2.112 68 16.112 2.417 35 30.193 4.529 103
Ahuntz 321 48 13 309 46 8 630 94 21
Behi 3.256 3.256 73 1.470 1.470 37 4.726 4.726 110
Zaldi 1.476 1.476 85 2.434 2.434 95 3.910 3.910 176
Guztira 19.134 6.892 203 20.325 6.367 149 39.459 13.259 341


Nafar guztien mendia da eta herrialde guztiko azienda egoten da larratzen. Joan den urtean mendira azienda igo zuten 341 abeltzainen %41,06 (140) sakandarrak ziren, eta gehienak, 102, Urbasara igo zituzten beraien ustiategietako buruak. Gainontzeko abeltzainen jatorriari dagokionez, %29,33 (100) Nafarroa ekialdekoak ziren, %10,56 (36) erdialdekoak, %9,97 (34) Kantauri aldekoak, %8,8 (30) Ameskoakoak eta %0,29 (1) Erriberakoa. Abeltzain batzuk azienda mota bat baino gehiago igotzen dute mendira, eta batzuk bai Andiara bai Urbasan dute azienda.

Urbasa-Andia natur parkean egon zen aziendaren jatorria
  Urbasa Andia Guztira
  AzLU Ustiapenak AzLU Ustiapenak AzLU Ustiapenak
Ameskoa 1.458 30 0 0 1.458 30
Erdialdea 943 25 698 11 1.641 36
Sakana 2.470 102 1.474 41 3.944 140
Kantauri aldea 377 12 1.114 24 1.491 34
Ekialdea 1.644 34 2.721 72 4.365 100
Erribera 0 0 360 1 360 1
Guztira 6.892 203 6.367 149 13.259 341


Bestetik, Interreg POCTEFA NaturClima mugaz gaindiko proiektuaren azken mintegia egin zen hilaren 17an. Haren bidez, Pirinioen bi aldeetako natur guneen kudeatzeaz eta gobernatzeaz arduratzen diren erakundeen arteko lankidetza areagotu da, beti ere, klima aldaketara hobeto egokitzeko, sustatzeko eta babesteko. Urbasa-Andia ere proiektuaren parte izan da eta faunari eta florari buruzko azterlanak eta jarduketak egin dira. Urederra Natur Erreserbako tobek ingurumen baldintza oso delikatuak behar dituzte sortu eta kontserbatzeko. Bertan, bisitariak ibilbide jakin batzuetatik zuzentzeko eta bidezidorretatik ez irteteko azpiegiturak jarri dira.