11 toki erakunde telekomunikaziorik gabe

Guaixe 2022ko mai. 30a, 09:01
Udal web orriak erabil ezin utzi du ziber erasoak eta, ondorioz, haietan sartuz gero Animsaren gaztelaniazko oharra agertzen da.

Animsa enpresa publikoaren informazio sistemek ziber erasoa jasan eta hamar udal eta Sakanako Mankomunitatea posta elektronikoa, udalaren webgunea, egoitza elektronikoak, eta abarrik gabe daude hilaren 18az geroztik.

Nafarroako 179 toki entitateren telekomunikazio ardura du Animsa enpresa publikoak. Lituaniatik egindako bi ransomware ziber erasoaren bidez Animsaren sisteman sartu eta hura enkriptatu du. Ondorioz,  Arakil, Irurtzun, Ergoiena, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordiko udaletako eta Sakanako Mankomunitatea e-posta mezuak bidali eta jaso ezinik daude. Herritarrak haien egoitza elektronikoaren bidez ezin dituzte tramiteak egin, edo haien web orrietan  sartu eta kontsultak egin edo tramiteren bat burutu. Horiek dira joan den asteazkenetik dagoen egoera. 

Animsatik azaldu dutenez, beraien kontingentzia planean oinarrituta, eta Zentro Kriptologiko Nazionalarekin lankidetzan ari dira. Berreskurapena egiteko zerbitzuen kritikotasuna eta eragina kontuan hartzen ari dira. Lehenik erasoaren diagnosia egin zuten, hari eutsi eta hedatzea saihesteko beharrezko neurriak jarri zituzten. Zerbitzuak lehenbailehen berreskuratzeko bigarren sartu da Animsa: berreraikitze eta berreskuratze fasea. Azaldu dutenez, “berreraikuntzan, segurtasuna lehenetsi behar da, azkartasunaren aurretik. Funtsezkoa da une honetan berriro erasorik ez hartzea. Aldez aurretik ezarritako segurtasun-neurriei esker, egoera iraultzen hasteko gai gara”.

Enpresa publikotik azaldu dutenez, zerbitzua berreskuratzeko “ez dago denbora zehatzik. Gure kasuan, zerbitzuak pixkanaka lehengoratzen joango garen arren, erabateko ebazpena prozesu luzea izan daiteke. Orain garrantzitsuena da berreskuratzea bermez egitea”. Bestalde, Animsatik azaldu dutenez, agintari eskudunen aurrean dagokion salaketa egin du.

Animsaren webgunean sartuz gero, ziber erasoak kaltetutako erakundeekin harremanetan jartzeko telefonoen eta ordezko e-posta helbideen berri ematen da. Altsasuren kasuan, gainera, kultur guneko sarrerak erosteko lotura eta udal bilkuren bideo artxiboa ikusteko aukera dago. 

Animsa
Enpresa publikoa da, Nafarroako 179 toki erakunderen jabetzakoa, eta guztiei zerbitzu integrala emateko asmoa du. 30 urte baino gehiagoko ibilbide sendotua du, eta Nafarroako toki entitateetan informazioaren teknologien garapena bultzatzea du helburu, administrazio publikoen arteko lankidetzaren ondoriozko sinergiak aprobetxatuz.