Aske, errepresioaren kontra eta amnistiaren alde egiteko

Guaixe 2022ko mai. 31a, 11:26

Askeren aurkezpena ekitaldia. UTZITAKOA

Nazio eta gizarte zapalkuntzaren kontra borrokatzeko tresna gisa sortu da antolamendu berria.

Jardun koordinadoraren barnean Aske antolakunde independentista eta sozialista sortu da, eta Sakanan talde bat eratu dute. Askeko kideek aurkezpenean adierazi zutenez, "Euskal Herri Langileak jasaten duen errepresioa gainditzeko bidean, beharrezkoa da horren aurrean erantzun eraginkorrak emateko tresnak sortuko dituen, eta proiektu integral baten baitan kokatuta dagoen antolakunde bat". Haien iritziz, "beharrezkoa da errepresioari maila nazionalean aurre egiteko tresnak sortzea. Beharrezkoa da egunerokotasunean errepresioa aztertu eta sozializatuko duten dinamikak martxan jartzea. Beharrezkoa da errepresioa gainditze aldera, epe luzerako perspektibarekin eta estrategia integral batekin jardungo duen proiektu berri baten sorrera".

Askekoek gaineratu dutenez, "bide horretan, nahitaezkoa da momentuko kolpe errepresiboak erantzuteaz haratago, errepresioa egunero pairatzen dutenen alde borrokatzea; hau da, euskal preso, iheslari eta errefuxiatuen alde borrokatzea". Haiendako amnistia aldarrikatu dute, "preso, errefuxiatu eta iheslarien askatasunaz gain, hauek borrokara eramandako arrazoien gainditzea, Euskal Herri Langileak pairatzen duen zapalkuntzaren gainditzea suposatzen duelako".

Euskal Herriko langileei dei egin diete "errepresioaren aurrean jardungo duen antolakunde berri honetan antolatzera eta, era berean, dei egiten dugu Jardun Koordinadora, Euskal Herri Langilearen Alternatiba, Euskal Herriko askatasuna erdiesteko baldintzak sortuko dituen alternatibaren gorpuztean parte hartzera".