Oinarrizko Osasun Eskualdeko lantaldeak Altsasuko, Olatzagutiko eta Ziordiko alkateei jakinarazi dienez, asteazkenetik aurrera mediku bakar bat egonen da hiru herriendako. Sei sendagile egon beharko lukete, baina bakarra egonen denez, hura hiru herrietako larrialdiez arduratuko da soilik. Oposizio lehiaketaren bidez Altsasurako lau plaza atera zituen Nafarroako Osasun Zerbitzuak. Osasunbidetik maiatzean hiru mediku etorriko zirela esan zuten, baina lantaldeak alkateei azaldu dienez, bi sendagileri eszedentzia onartu diete eta besteari zerbitzu eginkizuna. Beraz, mediku bakarra etorriko da Altsasura. Bitartean Altsasuko osasun etxearen atean egun bakoitzean zenbat mediku dauden iragartzen duen kartela jartzen ari dira azken astetan. Ostegunean bi mediku zeuden.
Lantaldetik azaldu dutenez Olatzagutian medikuak egunero pasa beharko luke kontsulta, baina astean hirutan pasatzen ari da. Altsasun egon beharko luketen bost medikuetatik batek Ziordian hirutan kontsulta pasa beharko luke. Bestalde, pediatriako lanaldi eta erdi bete beharko litzateke, baina gaur egun pediatra bakarra besterik ez dago. Osasun eskualdeko langileek gaineratu dutenez, "profesional faltak zaintza ordutegiko arretari ere eragiten dio".
Lantaldeak alkateei jakinarazi dietenez, "azken bi urteetan mediku falta ordezkapenekin estali dute. Ondorioz, gaixoek egunero mediku bat izan dute. Horrek, luzera, gaixoen jarraipen eta segimendu galera dakar, haien osasun eta segurtasunean eraginez". Horregatik, Burunda mendebaldeko osasun eskualdeko langileek argi eta garbi diote: "gaixo eta profesionalendako egoera sostengaezin honetan ezinezkoa da Lehen Arretak eta gaixoek merezi duten lan baldintzetan lan egitea". Horregatik, Lehen Arretako Gerentziari "egoera zail honi aurre egiteko premiazko neurriak" hartzea eskatu diote, baita "argibideak eta plan bat" heldu denari aurre egiteko.
Osasunbideko arduradunak Altsasuko osasun etxeko lantaldearekin ostegunean ziren biltzekoak. Bitartean, egoerarekin kezkatuta, hautetsiek bi bide hartu dituzte. Alde batetik, egoeraren berri eman eta hura salatzeko, EH Bilduk hiru alkateen eta eskualdeko osasun kontseiluko presidentearen agerraldia eskatu du Nafarroako Parlamentuan. Bestetik, Altsasuko alkatea osasun kontseilariarekin biltzeko eskaera egin du.