Dantzazeko dantzarien DNA

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko eka. 1a, 10:13

Dantzaz konpainiako kideak 'Gesala' ikuskizuna egiten.

Dantzaz konpainiako dantzariak Altsasu BHIko eta Andra Mari ikastolako DBHko bigarren mailako ikasleen gidariak izan dira Dantzabideak programaren barruan. Aste batean itsas herri batean oinarritutako koreografia sortu zuten ikasleek.

"Guk ez ditugu bakarrik ekoizpenak egiten, betidanik bitartekaritza egin dugu ere. Guretako oso garrantzitsua da. Beste aldean publikorik ez badago ez gara inor", azaldu du Fernando Saez de Ugarte Dantzaz konpainiako zuzendariak. Dantza talde bat baino gehiago da; erakunde "berezi bat" eta egiten duten lanaren bitartez publikoa "sortu" nahi dute eta dantza sektorea garatu. "Garatze horretan gure dantzariak gazteak dira, eta energia eta gogo handiarekin aritzen dira". Sortzen dituzten ikuskizunekin batera, beraz, bitartekaritza lana doa, "birak egiten ditugu baina beti komunitatearekin edo publikoarekin gauzak konpartitzen". Dantzarien DNA dago. Elkarbanatze hori Dantzabideak programaren bidez egiten dute, eta Nafarroako Antzoki Sarearen Oholtzara Salto ekimenari eta La Caixa fundazioari esker, duela lau urte Sakanara iritsi zen.

Aurreko astean Dantzaz konpainiako dantzariak Altsasu institutuan eta Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolan izan ziren DBH bigarren mailako ikasleei dantza irakasten. Irakasleak baino gidariak izan dira. "Hasiera batean kanpotik etortzen diren pertsonak agertzen dira eta galdetzen diete ea nortzuk diren. Orduan, dantzariak direla eta dantza egingo dugula esan, eta aurrera". Gauzak funtzionatzen hasten direla esan du Saez de Ugartek. "Oso organikoki, baina funtzionatzen du".

Dantzabideak egonaldiaren helburua aste horretan koreografia bat sortzea da, publikoaren aurrean erakusteko. Ikasleek "mundu mailako estreinaldia" egiten zuten, beraz, Iortia kultur gunean, eta Dantzaz konpainiak "teloneroak" dira. Aurten Getarian edo itsas herri batean inspiratutako Gesala lana aurkeztu du taldeak, eta ikasleek sortutako lanek oinarrian itsasoaren mugimenduak zituzten.

'Gesala'
Duela lau urte hasi zen Dantzaz konpainia haren lanak Sakanan aurkezten, eta urtero lan berri bat mustutzen dute. Aurten Gesala izan da. "Gurekin dokumentalak edo ikus-entzunezkoak egiten dituen ekoizle batek lan egiten du, eta Getariako dokumental bat egin zuen. Ideia nagusi horretan oinarrituta koreografia sortu genuen". Arrantzaleak, sare jostunak, sirenak, itsasontziak... Ikuskizunak itsas herri batera garraiatu zituen ikusleak.

Aste batean ikasleek koreografia bat sortzen dute eta erakusten dute

Astebetean, egunero ordu batez, Altsasu BHIko eta Andra Mari ikastolako ikasleek koreografia bat sortu zuten. "Haien sorkuntzak egiten dituzte guk egindako ekoizpenean oinarrituta. Haiek egiten dituzte, guk ez dizkiegu koreografiak haiei pasatzen". Aurtengo gaia kontuan izanda itsasoa, olatuak eta abar oso nabariak ziren ikasleen mugimenduetan. "Taldearen araberakoa izaten da ere. Mugimenduetan sakontzeko duten joera eta abar. Egia da aurten nahiko koinziditu dutela, oso ongi aritu dira". Itsasoaren iruditegia oso barneratuta dugula azaldu du konpainiako zuzendariak. Ikasleek egindako lana goraipatu du: "ez da lan erraza kontuan hartuta ikastetxeko lanean sartuta daudela". Tailerra "eskailera" bat dela dio: "Astelehenean ez dute oso ongi ulertzen zer den eta prozesuan sartzen hasten dira, asteartean ulertzen hasten dira eta asteazkenean ostiraleko emanaldian parte hartu nahi dute".

Dantzabideak programaren laugarren urtea izan da eta ikasleak gogoarekin hartzen dutela esan du Saez de Ugartek. "Entzunda dute, aurreko urtetan ikusi dute eta nabaritzen da". Esaterako, Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako laugarren mailakoei egokitzen zitzaien programan parte hartzea, baina egun horietan irteera bat zuten, "eta aldatu zuten eta bigarren mailakoek egin zuten. Pena handiarekin joan ziren laugarren mailakoendako aukera bat delako, eta galdu dute".

"Ez dut esango magikoa denik edo errezeta magikoa daukagunik, baina funtzionatzen du. Astebetez jartzen gara, eta ostiralean zerbait aurkezteko egoeran daude". Aurten bost taldek parte hartu zuten: hiru Altsasu BHIko ikasleez osatuta eta bi talde Andra Mari ikastolako ikasleez osatuta. Emanaldia Iortia zabalgunean egin zuten. Taldeen artean desberdintasunak nabaritzen direla aipatu du Saez de Ugartek, baina "errepikatzen diren elementuak" daudela gaineratu du. Garrantzitsuena talde lana egiten lortzen dutela da. "Guztiek parte hartzen dute, berdin dio nor den liderra... Dantzaren munduan gauzak parekatzen dira eta beste karta batzuekin jokatzen dute. Sorpresak hartzen dituzte. Hori oso polita da". Taldea da nagusi.