I-Ek osasun eskualdearen langile faltaren inguruan galdetu du

Guaixe 2022ko mai. 30a, 10:50

Osasun etxea. ARTXIBOA

Osasun Departamentuko ordezkariren batek Nafarroako Parlamentuan argibideak eman beharko ditu.

Altsasuko Ezker Batuaren Tokiko Batzarrak salatu du Burunda mendebaldeko oinarrizko osasun eskualdeak duela hilabete batzuetatik ez duela behar adina mediku herritarrei behar bezalako arreta eskaintzeko. “Osasun arloko profesionalen faltagatik” eskualdeak bizi duen “prekarietate egoera” salatu du Ezker Batuak, eta nabarmendu du “10.000 biztanle inguru” artatzen dituela. “Osasun etxearen sarreran kartel bat irakur daiteke larrialdiak soilik artatzen direla ohartarazten duena”, gaztigatu du Ezker Batuak. Eta mediku falta azken lau urtetako kontua dela azpimarratu du.

Ezker Batuak gogorarazi du Burunda mendebaldeko Osasun Kontseiluak hainbatetan aztertu duela gaia, Nafarroako Osasun Plataformak ere arazoari heldu diola eta burundarrek baliabide gehiago eskatu dituztela osasun arreta duina izateko. "Osasun Departamentuak behin baino gehiagotan iragarri du maiatzetik aurrera osasun etxera hiru mediku etorriko liratekeela, maiatza despedituta osasun profesionalen eskasia bere horretan mantentzen da", adierazi du.

Horregatik guztiagatik, Izquierda-Ezkerrak Nafarroako Parlamentuan duen ordezkari Marisa de Simonek galdera bat erregistratu du, non Osasun Departamentuari galdetzen dion Altsasuko oinarrizko osasun eskualdean ez duela behar adina osasun-langilerik, eta arazo larri hori konpontzeko ezarri asmo dituen neurri zehatzak azaltzeko eskatu dio.