Etxebizitza lortzeko etxe hutsak birgaitzea aztergai dute

Guaixe 2022ko eka. 9a, 13:02
Ihabarko ikuspegia Aralar gainera daraman pistatik.

Hiru udalek jakin nahi dute bere herritarren artean interesik dagoen elkartu eta etxe batean hainbat etxebizitza egiteko.

Ibarrean etxebizitzarekin eta telekomunikazioekin zeuden arazoak kontuan izanik, Sakanako Mankomunitatearen barruan gai horiek lantzeko bi batzorde sortu ziren. Telekomunikazio arazoa Sakananet zuntz mankomunatuaren bidez bideratu da. Baina sakandarrek etxebizitza eskuratzeko duten arazoak kezka sortzen du ibarreko hautetsiendako. Eta horri gehitzen zaio herrietan hutsik dauden, handiak eta hondatzen ari diren etxeak. Horiek kontuan izanik, Arakilgo, Uharte Arakilgo eta Ziordiko udalek proiektu pilotu bat abiarazi nahi dute. Haren bidez hutsik dauden etxe handi horiek zaharberritu eta haietan hainbat etxebizitza sortu nahiko lituzkete. 

Baina proiektua martxan jartzeko, lehenengo eta behin, udalek jakin nahi dute halako egitasmo batean sartuko liratekeen herritarrak badauden. Interesa duten beste pertsona batzuekin elkartu, etxe bat birgaitu eta etxebizitzak sortzeko interesa luketen sakandarrak baleude, udal bakoitzak bilera deituko luke, interesatuekin batera proiektua definitzeko. "Pultsua hartzeko bilerak lirateke. Aurrera eginez gero proiektua definitu beharko litzateke: kooperatiba sortzea, etxeak alokairuan ematea edo saltzea…", azaldu du Txomin Uharte Baleztenak, Uharte Arakilgo alkateak. Gaineratu duenez, "aurrera eginez gero udalek tramiteak erraztuko genituzte". Eta interesa duten herritarrei udalekin harremanetan jartzera gonbidatu ditu.