Haur eskoletako hezitzaile eta langileak hilabete greban

Guaixe 2022ko eka. 6a, 09:02

Haur eskoletako hezitzaile eta langile grebalarien batzarrak grebarekin segitzea erabaki zuen ostegunean. UTZITAKOA

Ratioak jaistea, soldatak igotzea eta langileak gehitzea eskatzen dute. Aurrekontu aldaketa egitea eskatu dute.

Nafarroa 0-3 plataformak deitutako haur eskoletako mugagabeko grebak ostegunean hilabetea bete zuen. Azken hiru asteazkenetan Nafarroako Gobernuko eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko ordezkariekin bildu dira plataformako ordezkariak. Aurreneko bileran plataformak bere eskaera zehatzak mahai gainean jarri zituen eta haiek ondoren datuekin lagundu ditu. Hezkuntza Departamentuak duela bi aste iragarri zuen proposamenaren arabera hezitzaileei %14 handituko litzaieke soldata. Baina plataformak nabarmendu du proposamen horren oinarrian 0-3ko "diru partidak tokiz aldatzen dira. Soldatak igotzen dira, baia Gizarte Segurantzako kotizazio saila eta ordezkapenena txikitzen dira. Beraz, dagoen gainkostua udalen bizkar geldituko litzateke berriz". Bestetik, salatu zuten hezkuntza laguntza bertan behera utzi izana. 

Aurreko asteazkenean egindako bilkuran gobernuko ordezkariek ez zuten "inolako proposamenik" eraman. Departamentutik plataformako ordezkariei esan zieten egindako proposamena ez zela bideragarria. "Guk proposatzen ditugun aldaketek aurrekontu handiagoa eskatzen dute eta aurtengo aurrekontuan horretarako dirurik ez dagoela eta aldaketa horiek egitea haien esku ez dagoela esan digute", azaldu du Eider Garde Mazkiaranek, plataformako kideak. Gaineratu duenez, "gure proposamena errealista da. Ordezkari politiko bat berak ere ez du ukatu arrazoia dugunik, edo eskatzen ari garena legezkoa ez denik". 

Parlamentuari begira
Plataformako kideek PSNren diskurtsoan aldaketa sumatu dute aste honetan. "PSNren parlamentuaren bozeramaile Ramon Alzorrizek esan zuen konpromiso politikoa eta aurrekontuen ingurukoa behar zirela, egoerari konponbidea modu bateratuan emateko". Gardek gaineratu duenez, hezkuntzako ordezkariek jakinarazi zietenez, "planteamendu hori behar zen tokian aipatu dute. Eta esan dute haien esku dagoen guztia eginen dutela gure proposamenera gerturatzeko. Mugimendua ahalik eta azkarren egin nahi dute. Baina horren inguruko inolako bermerik ez dago". 

Plataformako kideen iritziz, "haur eskolek eskatzen duten aldaketak egin ahal izateko gaia Nafarroako Parlamentura iritsiko da. Nahikoa aurrekontu izateko botoen gehiengoa behar da. Horregatik uste dugu pilota Nafarroako Parlamentuan dagoela. Alderdiak bileretan esandakoa egia bada, ohiz kanpoko aurrekontu bat onartu daitekeela uste dugu", azaldu du Gardek. Aldaketak aurten egitea nahi lituzkete plataformakoek. Espero dute aste honetan proposamen zehatza eta diru bermea duena esku artean izatea. 

Joan den astelehenean Hezkuntza Departamentuaren ezkaratzean eserialdia egin zuten langileek eta ostegunean, berriz, Nafarroako Parlamentuaren bilkurara haurrez fardel zikinez osatutako "alfonbra gorria eskaini" zioten Maria Chivite Navscues lehendakariari. Bestalde, grebalariak kontzentrazioekin segitzen dute: astelehenetan Hezkuntza Departamentuaren aurrean eta ostegunetan, Nafarroako Parlamentuan bilkura dagoela baliatuta, egoitzaren parean 08:30ean, 11:00etan eta 16:00etan. 

Erlazionatuak