Astekaria

Aldaketarik ez Altsasuko osasun eremuan

Guaixe 2022ko eka. 6a, 08:32

Santos Indurain Orduna sakandarren kexak entzun zituen Irurtzungo bileran. UTZITAKOA

Mediku batek plaza finkoa hartu du, baina gainontzeko bostak ez dira bete. Mediku bat hilabete egonen da Altsasun eta gainontzeko plazak egun soltetan etorriko diren medikuek beteko dituzte.

Maiatzean hiru mediku etorriko zirela iragarri zuen Osasunbideak. Duten eskubideari heldu eta langile horietako bik eszedentzia eskatu dute eta besteak zerbitzu eginkizuna, eta beraz, aldi batez, Altsasuko lanpostutik kanpo lan eginen du. Altsasuko osasun eremuak sei mediku izan beharko lituzke. Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuenez, azken Lan Eskaintza Publikoan (LEP) eskainitako Landa Larrialdietako Zerbitzuko mediku bat eta Altsasun eta Ziordian ariko den mediku bat Altsasuko osasun eremuan lanean hasi ziren asteazkenean. Altsasuko osasun etxetik jakinarazi dutenez, dauden sei mediku plazetatik gaur egun bost hutsik daude, asteazkenean hasi zen beste medikua hilabete batez bakarrik lan eginen baitu osasun eremu horretan. Duela bi astetik egoera, beraz, ez da aldatu: mediku faltaz aparte, pediatriako lanaldi erdia betetzeko dago, Olatzagutiko kontsultategia egunero zabaldu beharrean astean hirutan zabaltzen da. 

Hutsik dauden mediku plazak "produktibitatearen" bidez betetzen du Osasunbideak. Hau da, beste tokietatik aparteko orduak sartzera Burunda mendebaldera etortzen diren sendagileak dira hutsik daude postuak betetzen dituztenak. Horrela aritzea borondatezkoa da. I-Eko Marisa de Simon Caballerori erantzunez, Santos Indurain Orduna kontseilariak ostegunean Nafarroako Parlamentuan esan zuenez, "produktibitatea ez zaigu gustatzen, baina haren bidez hutsik dauden plazak betetzen ditugu. Asteazkenean esaterako denak zeuden beteta. Medikuek errepikatzen badute, gaixo berak izan ditzatela saiatzen gara". 

Kontseilariak azaldu zuenez, hori egiten duten bitartean "LEParen bigarren itzulia ahalik eta gehien azkartzen ari gara plazak betetzeko. MIR bukatu dutenei eskaintza egin diegu eta beste tokitan profesionalak bilatzen ari gara". Kontseilariak aitortu zuen ere LEParekin Altsasun gertatutakoa ez zela ohikoa. Beste aitortza: "beste tokitan arazoak badaude ere Altsasuko osasun eremuaren egoera hainbat gauzarengatik zailagoa da. Lehen Arretako zerbitzua lanean ari da zerbitzua bermatzeko". Alkateekin etengabeko harremana dutela azpimarratu zuen Indurainek. 

Ezaguna 
Kontseilariak ostegunean parlamentuan esandakoa ezaguna zaie Altsasuko osasun eskualdeko profesionalei eta Sakanako alkateei ere. Behin baino gehiagotan entzundako argudioak dira haiendako. "Estatuan profesional gabezia dago. Konpentsatzeko berregituraketa eginen dugu, legea aldatzeak, ordea, denbora behar du". Hala azaldu zieten Sakanako alkateei eta hiru osasun eskualdeetako arduradunei joan den astelehenean kontseilariak, Carlos Artundo Osasuneko zuzendari nagusiak, Yolanda Martinez Lehen Mailako Arretako gerenteak eta Nafarroa Iparraldeko Lehen Mailako Arretako eta Asistentzia Jarraipeneko Zuzendariordetzako taldeak.

Bilera izanen zela jakitun, Sakanako Osasun Publikoaren Aldeko Plataformak deituta, Irurtzungo kultur etxean kontzentrazioa egin zen eta makina bat sakandarrek parte hartu zuten. Osasunbideko arduradunek plataformaren kezkak jasotzen dituen idatzia jaso zuten. Plataformari "zalantza asko" sortzen dizkio Nafarroako Gobernuak Lehen Arretari buruz lantzen ari den proiektua, "pazienteari eman behar zaion benetako arreta arriskuan egon daitekeelako". Plataformatik azaldu zutenez, "azken batean, eta batez ere, aurrez aurreko arreta ekipamenduekin ordezkatzea planteatu dute. Gu ez gaude Lehenengo Arretari laguntzeko erabiltzearen kontra, baina pazientearen borondateari erantzutea aldarrikatzen dugu: bere medikuarekin egotea eskatzen badu, eta beharrezkoa den denboran egon dadila". 

Joan den asteleheneko bilera horren aurretik Martinez eta Nafarroa Iparraldeko Zuzendariordetza Altsasuko Osasun Zentroko profesionalekin bildu ziren esateko Osasun Departamentuak "esplizituki babestu eta aitortu" nahi duela "oinarrizko eremuko profesionalen ahalegina eta lana herritarrei zerbitzu hobea emateko". Bestalde, Altsasuko osasun eskualdearen egoera, atzera ere, Nafarroako Parlamentura bueltatuko da, zehazki, Osasun Batzordea. Izan ere, ordezkatuta dauden alderdi eta koalizio guztiek oniritzia eman diote eremuko hiru alkateen eta osasun eskualdeko presidentearen agerraldiari. Burunda mendebaldean osasun zerbitzuak duen egoeraren berri emanen dute.

Irurtzun eta Etxarri Aranatz 
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Lan Eskaintza Publikoaren ondoren Etxarri Aranazko pediatria lanpostua asteazkenean bete zen. Osasun etxetik azaldu digutenez, gaur egun lanpostu guztiak beteta dituzte gaur egun. 

Ez da gauza bera gertatzen Irurtzungo osasun eskualdean. Arakilgo osasun etxean mediko postuak beteta badaude ere, pediatra postu bat betetzeko dago oraindik. Horren inguruan ez zuen argibiderik eman foru administrazioak herenegun argitaratutako prentsa oharrean.