Kirolak

Mankomunitateak udako kirol eskaintza aurkeztu du

Guaixe 2022ko eka. 7a, 13:00

Joan zen urteko futbol campusa.

Futbol, triatloi eta multikirol campusak antolatu dituzte, eta surf ikastaroa, familian. Izena ematea zabalik dago

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak udako kirol eskaintzaren berri eman du. Futbol eta triatloi campusek segida izanen dute, baita surf ikastaroak ere, baina aldaketekin. Aurten, nobedade gisa, multikirol campusa eskainiko da. 

Surfa, familian
Ekimen goiztiarrena surfa izango da. Ekainaren 18an eta 19an surf ikastaroa familian prestatu du Mank-ek, Zarauzko Moor surf eskolan. Egunero 1:50 orduko saioa izango da, hastapenekoa, eta ordutegia azken astean zehaztuko da, itsas mareen araberakoa izango baita. Prezioa 40 eurokoa da, eta bertan jasoa dago bi egunetako autobusa, irakasleak, taulak, neoprenoak, dutxak, asegurua… Familia bakoitza bere seme-alabez arduratu beharko da. Izena ematea ekainaren 10era arte dago zabalik. 

Multikirola, nobedadea
Multikirol campusa ekainaren 27tik uztailaren 1era izanen da, 10:00etatik 13:00etara, 8 urtetik 16 urte bitarteko neska-mutilei eskainia, Izurdiagan eta Irurtzunen. Egun bakoitzean kirol bat landuko da: errugbia, futbola, piraguismoa, orientazioa eta igeriketa. Prezioa 35 eurokoa da, eta ekainaren 17ra arte eman daiteke izena. 

Futbola, Dantzalekun
Futboleko campusak hartuko du lekukoa segidan. Altsasuko Dantzaleku futbol zelaian izanen da, 10:00etatik 13:00etara, eta Maalen Beraza eta Aitor Lara izango dira monitoreak. Bi txanda izanen dira. Lehenengoa uztailaren 4tik 8ra, 2010, 2011 eta 2012 urtean jaiotako neska-mutilendako, eta bigarrena uztailaren 11tik 15era, 2007an, 2008an eta 2009an jaiotako neska-mutilendako. Futbolaren inguruko teoria eta praktika uztartuko dira, eta egunean irteerak egingo dira. Izena ematea zabalik dago ekainaren 24 arte. 

Triatloia, Arbizun
Triatloi campusean aldaketa egongo da, aurten Arbizun izango baita, Altsasun beharrean. Aurten Altsasuko Zelandiko igerileku estalia itxita egongo da uztailean eta abuztuan, eta horregatik campusa Arbizun egingo da. Uztailaren 18tik 29ra izanen da, astelehenetik ostiralera, bi astez, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 12:30era. 8 urtetik 16 urte bitarteko neska-mutilek eman dezakete izena atletismoa, igeriketa eta txirrindularitza elkartzen dituen jardueran. Sakanako Mankomunitateak antolatuko duen Sakanako Haur Triatloirako prestakuntza ederra izango da. Prezioa 40 eurokoa da eta uztailaren 8ra arte eman daiteke izena. 

Campus guztiak euskaraz izango dira, eta norbaitek ez badu ulertzen gaztelaniaz zuzenduko zaio berari. Izena emateko bi bide daude: Whatsappa (608 697 550 telefonoa) eta posta elektronikoa (sakana.kirola2@gmail.com).