Guaixe senidetzea

Martiniko

Guaixe 2022ko eka. 13a, 14:56

Frankismoko eskola bateko gela baten irudikapena 'Habla en cristiano' erakusketakoa. ARTXIBOA

Arturo Campion Jaimebonek ekoizpen bibliografiko bikaina utzi zuen. Lanik aipagarrienen artean, Sakanako herri batean kokatutako 'Blancos y negros' (1898) eleberria dago. Bederatzigarren kapituluan jasotako pasarte bati erreparatuko diogu, laburbilduko dugu. Bertan XIX. mende akaberako eskoletan bizi zen errealitatea islatzen du idazleak.

Postaria lanpetuta zegoen eta mesede bat eskatu zion Casildo Zazperi, eskolan zegoen maisuari gutuna eramatea. Haurren eskola gela hotz bat zen, gaizki banatutako argiekin, eta oso handia, haurren hirukoitza har zezakeena. Don Bernardino zerrenda pasatzen zegoen eta zigarro punta agortzen ari zen. Mutilek ¡presente! erantzuten zuten. Irakasleak hiru txalo eman zituen eta mutilak ilaretan jarri ziren. Don Bernardinok poltsikoak miatu zizkien, eta ogi puskak opatzen zituenean, bazter batera botatzen zituen, baina intxaurrak, hurrak, gaztainak edo sagarrak baziren, bere jakako poltsikoan sartzen zituen.

- Berrogeita hamar mila aldiz debekatu dizuet eskolan jatea, hau ez da txerritegia, alprojak.

Hogeita hamar bat haur zeuden irakasleari begira.

- Orain arte astean behin eskatu dizuet eraztuna. Gaurtik aurrera, bi aldiz eskatuko dizuet, eta ez da egun finkoetan izango, badakit zer egiten duzuen, alprojak. Sei egunez zabiltzate euskaraz zaunkaka, eta zazpigarrenean belarria zorrozten duzue axolagabeenari sartzeko. Lotsagarria da herri honetan gertatzen dena; inork ez du gaztelaniaz hitz egiten, eta zuetako inor ez da gai dozena erdi bat hitz ondo esateko. Gero inspektore jauna etortzen da eta errieta egiten dit. Begira, Irurtzungo mutilek, hemendik 15 edo 20 bat kilometrora, girigai hori ahaztu dute. Zuek ezingo zarete zibilizatutako inora joan, jendeak barrerik egin gabe eta zozo deitu gabe. Nork dauka eraztuna? Gaur hotz egiten du eta dozena erdi kolpe ez diote kalterik egingo. 

Mutilek lerroak hautsi eta irakaslearen inguruan zirkulu bat osatu zuten. Berak galdera errepikatu zuen. Don Bernardinok begiraden norabideari jarraitu eta Martinikorekin topo egin zuen. Mutikoak eskuak patriketan ezkutatzen zituen, dardarka, zurbil, lokatzez zikindutako oinak igurzten zituen, bere begi koloregabe eta tristeak altxatzen zituen, zeinen behealdeko betazaletan malkoak lasterka hastear zeuden. Ezpain irekiak dardarka zeuzkan, buruak erregu jarrera zuen.

Zeinen mingotsa zen Don Bernardinoren behazuna! Biriketako lesio sendaezin batek jota, berak klima heze eta hotzari egozten zion. Ah! Ez zuen zorte ona izan. Pirinioetako laborari txit pobreen semea, hamaika urte zituela Iruñean merkatari ikastun joan zen. Apaiza zen senide batek, talentua zuela ikusita, ikasketak ordaintzeko konpromisoa hartu zuen. Irakasle ikasketak gabezia amaigabeekin segitu zuen. Ondoren derrigorrezko soldadutzara joatea egokitu zitzaion. Armadan etorkizuna izango zukeen bere izaera bortitz eta harroak kalterik egingo ez balio. Behekoekin gogorra zen, nagusiekin tentea; bigarrena akats konponezina eta arriskutsua lehena, mendekoek gora egiten dutelako. Irakurtzeko grinak menderatzen zuen.

Bere lurrari buruzko libururik inoiz hartu ez zuenez, sorterriaren zaporea joan zitzaion. Bere maitasunen aberria aberri politikoa zen, bere autore gogokoenek goratu zutena, Erregionalismoa gorroto zuen, eta bertako bizitzaren adierazpen guztien artean gutxien gustatzen zitzaizkionak hizkuntzak ziren. Bereziki gorroto zuen euskara, erdaraz hitz egiten hasi zenean egin zizkioten isekak gogoratzeagatik agian. Bere euskararen gorrotoan arnegatzailearen, parrizidaren haserre bizia zegoen. Mendian jaioa izan arren, literatur sugestioagatik oso gogoko zituen zeruertz garbiak, ordoki itzelak, zeru urdina, eguzki distiratsua eta Espainiako edertasunei buruzko dena. Jeneralaren laguntzailea izana zen, eta, haren gomendioei esker, Urgainen lortu zuen irakasle kargua, non soldata txikia zuen, ez zitzaion gustatzen ez paisaia, ez jendea, ez zerua. Haren izaera garraztua zen, haren bihotza hautsia, bere ibilbideko etsipenez, familiako zorigaitzez eta gaitz fisikoengatik. Bere ikasleengan akatsak besterik ez zituen ikusten.

Don Bernardinok zorrotz begiratu zion Martinikori, errukirik gabe. Gongoilen hanturak, errakitismoak eta miseriak zaurituta zegoen. Haurraren ahulezia, eskalearen babesgabetasuna. Irakasleak esan zuen:

- Hiru aste dira eskolara etortzen zarela, ez letrekiko maitasunagatik, baizik eta alkateak eta jende gehiagok ordaintzen dizuten jatekoengatik. Berriz egiteko gogoa kenduko dizut, zital hori! Emadazu!

- Zu bezala egiten dute txakurrek: harria ukitu baino lehen, zaunka eta herrenka ibiltzen dira. Ez itzazu malkoak alferrik galdu: laster beharko dituzu.

Irakasleak erregelaz esku ahurrean jo zion, eta horrek eskua kendu eta ezkutarazi egin zion.

Don Bernardinok gora jaso zuen eraztuna, eta galdetu zuen:

- Nork eman zizun eraztuna?
- Aaantero Zuuubeldia – Kosta zitzaion esatea.
- Antero Zubeldia. A ze pieza! Noiz?
- Atzo.
- Beraz, ohi bezala, behin eta berriro errepikatutako nire aginduen kontra, euskaraz egin zenuen kalean?
- Ez jauna. Nik erdaraz hitz egin; pared esan beharrean horma esan eta zas! eraztuna eman zidan.
- Zubeldia, egia al da dioena?
- Bai, jauna. Eraztuna eman nion iturrian. Gortariren baratzera joateko esaten ari zitzaigun, intxaurrak lapurtzera, bera horman gora igoko zela. Nik orduan esan nion: Martiniko, euskaraz hitz egin duzu; eta eraztuna eman nion.
- Ongi, ongi. Gaurtik aurrera, eraztuna duen azkenak eta azken aurrekoak zigorra jasoko dute. Martin atera eskuak, batu behatzak.
- Nik bakarrik ibili nahi dut, zertara etortzen dira horiek nirekin? Ni bakarrik hobeto nago, beti nire atzean, eraztuna eman nahian. Nik ez nekien nola esaten zen horma gaztelaniaz. Nik gaztelaniaz hitz egin nuen.
- Gaztelania zer den ikas dezazun, odolaren zirkulazioa aktibatuko dizut. Atera eskuak eta batu hatzak.

Bere borondatearen kontra obeditu zuen, eta irakasleak erregelarekin kolpe lehorrak ematen hasi zitzaion. Mutilak garrasi egiten zuen eta eskuak kentzen zituen; orduan irakasleak gogor tiratzen zion belarrietatik eta iletik, lurretik altxatuz. Odola zerion azazkalei, eta ez zen modurik izan eskuak berriro sakeletatik ateratzeko.

- Alproja! Desobedientea! Burugogorra! Uste duzu zure garrasiengatik gutxiago emango dizudala? Tori!

Belarrondoko izugarri bat eman zion ezkerreko masailean, aurpegia jirarazi ziona. Uhalak hartu eta lehen zartada zangoetan jo zion, eta ondoren izterretan, ipurdian eta bizkarrean. Martiniko oihuka ari zen. Beste mutilek barre egiten zuten.

- Isilik egon madarikatu hori! Txerri bat hiltzen ari direla dirudi. Isildu! Zenbat eta oihu gehiago egin, orduan eta okerrago. Kexatu gabe dozena erdi bat jasotzen baduzu, akabo. Bat, bi. Oihu! Berriz hastera. Bat, bi, hiru. Ezinezkoa. Tori!

Negarrengatik eta oihuengatik asaldatuta, Don Bernardino modu basatian behin eta berriro jotzen hasi zen: uhala utzi eta ukabilkadak, eskuarekin kolpeak eta ostikoak ematen hasi zen Martinikoren gorputzeko atal guztietan, horman inguraturik zegoen. Dohakabeak ez zuen jadanik negarrik egiten, intziri egiten zuen, dardarka zegoen, arnas agonikoa zuen, hortzetatik eta sudurretik odola zerion, urratuak eta ubeldurak zituen buruan eta hanketan. Mutilak, izuturik eta errukiturik, sekzioak formatu zituzten, isiltasun sakonena gordez. Inguruan gabirai zuen oilategi bat zirudien eskolak. 

Eszenaren akaberaren ikusle, Casildo gutunarekin aurreratu zen, begira egon zen atetik. Pausoak entzutean, Don Bernardinok bere aurpegia jiratu zuen, ezin izan zion eutsi nahigabe eta ikarazko mugimendu bati.

- Zer da hori?
- Irakasle jauna, gutun bat zuretako.
- Eskerrik asko. Hurrengoan atea jo barrura sartu aurretik.
- Barkatu. Ez nago ohituta.

Alde egitearena egin zuen, baina esan zuen:

- Jipoia eman al diozu Martinikori euskaraz hitz egiteagatik? Ume gaixoa!
- Desobedientzia setatiagatik jo dut, eta zer komeni zaion eta zer dagoen agindua ikas dezan.

Casildo Martiniko lurrean etzanda zegoen txokora hurbildu zen, konbultsiboki intziri egiten zuen.

- Gaixoa! Hartu txanpon hau, ez negarrik egin.

Mutikoak begirada batez eskertu zion limosna. Baina begirune horregatik negarrez hasi zen, eta ez zuen txanpona hartzeko eskua irekitzeko adorerik izan.

Casildok dirua gorde zuen. Odol orbanak ikusi zituen. Haren ahotsak eskola bete zuen:

- Jainkoak ahoan jarri zion hizkuntza hitz egiteagatik jo! Txakurrek zurea jan beharko lukete, irakasle! Eta zuek, zuen gurasoek horretarako ekartzen zaituztete eskolara? Faltsuak, faltsu ahalenak!

Koldarkeria haren aurrean, Casildok sua botatzen zuen begietatik. Eta joaterakoan argi eta garbi utzi zuen bere haserrea, ate kolpe handi bat emanez.