Astekaria

"Ikasle asko izan ditugu, eta bide horretatik segi nahi dugu"

Maider Betelu Ganboa 2022ko eka. 14a, 14:20

Fermin Azkargorta, Sakanako Atletismo Egunean.

Dantzaleku Sakana atletismo eskolak etorkizuna du. Larunbatean 180 gaztetxok hartu zuten parte I. Sakanako Atletismo Egunean eta pozik dago Fermin Azkargorta entrenatzailea

Dantzalekun larunbatean ospatutako I. Sakanako Atletismo Egunarekin 2021/2022 denboraldia despeditu du Dantzaleku Sakana atletismo eskolak, eta zapore oso onarekin. Dantzaleku Sakana atletismo klubeko kideekin batera Olinpiar Jokoetan bitan aritu den Iñigo Monreal atletak, Espainiako eta Hondurasko selekzioetako kide izandako Iñigo Perez abiadura lasterkariak eta Nerea Bermejo Espainiako txapeldunak neska-mutilei primerako master classa eskaini zieten, Fermin Azkargorta Galarza entrenatzailearen esanetan, "giro ederrean".  

"Sakanako Atletismo Egunean Monreal, Perez eta Bermejo atletek ongi pasatu zuten, eta haurrek, zer esanik ez"

Balorazioen garaia da. Nolakoa izan da Dantzaleku Sakana atletismo eskolaren denboraldia?
Guztira 66 ikasle inguru izan ditugu ikasturtean, Sakanako herri askotarikoak, eta hori kopuru ederra da. Egia esan, ikasturteak emandakoarekin oso pozik gaude.

Urte batzuk atzera eginda askoz ere ikasle gutxiago zeudela kontuan hartuta, Dantzaleku eskola biziberritu duzuela esan daiteke.
Ni orduan ez nintzen entrenatzailea, baina ikasle nahiko gutxi zeuden. Orain badirudi pixkanaka eskola gora doala. Aurten ikasle asko izan ditugu, eta datorren denboraldiei begira bide horretatik jarraitzea espero dugu. 

Zurekin batera Aitor Mendoza, Javi Gasanz eta Ekhi Olabide aritu dira entrenatzaile. Nola banatu dituzue taldeak, mailaka?
Atletismoan kategoria ezberdinak daudenez, gutxi gorabehera maila horietan banatu ditugu taldeak, eta entrenatzaile bakoitza kategoria batekin egon da lanean. Ni nagusienekin, kadete eta jubenilak direnekin, atletismoan 18 urtez azpikoak eta 16 urtez azpikoak direnak.

Nolako harrobia du Dantzaleku Sakanak?
Entrenatu ditudan gazteak gustura ikusi ditut, eta gainontzekoak, txikienak ere oso pozik. Asko ikasi dute. Entrenatzaile guztiek egindako lanarekin kontentu nago. Atletismo eskolako gaztetxoak guztiz motibatuta daude. 

Aurten Nafarroako lasterketa askotara Dantzalekuko talde ederra joan zarete lehiatzera. Nafarroako Federazioak ere azaldu du poztekoa dela berriro ere Dantzaleku kluba sendo ikustea. Halakoak gustura hartuko dituzue.
Jakina. Kategoria txikietatik lasterketetara Dantzalekuko haur asko joan dira, 20tik gorako taldea inguru. Klub batendako 20-25 korrikalarik parte hartzea asko da. Kategoria nagusietan, kadeteetan eta jubeniletan, gehiago kosta egiten zaie animatzea, baina hori gainontzeko klubei ere gertatzen zaie. Adin horiek zailagoak dira. Baina txikiak oso animatuta egon dira. 

Dantzalekun antolatutako lehenengo Sakanako Atletismo Egunak harrera bikaina izan zuen. 180 haur eta gaztetxok eman zuten izena. Jende asko erakarri duzue.
Sakanako Atletismo Eguna antolatu genuen Sakanako jende gehiagok atletismoa ezagutzeko. Atletismoa ez dela soilik korrika egitea erakusteko, batzuk pentsatzen duten bezala, baizik eta modalitate asko ditugula. Eta argi ikusi da. Sakanako Atletismo Eguna ospatu aurretik ikastetxeetatik pasatu ginen informazioa banatzera, neska-mutikoak animatzeko, eta nik uste oso ongi atera dela. Dantzaleku atletismo eskolan 66 ikasle ditugu, eta larunbatean 180 etorri ziren, hirukoitza.

Sakanako Atletismo Egunean zein modalitate landu zenituzten?
Lehenik eta behin kros bat egin genuen Dantzalekuko merenderoetan eta inguruetan, eta oso parte hartzailea izan zen. Ondoren, neska-mutikoak bi taldetan banatu genituen, handiagoak batetik, eta txikiagoak bestetik. Jaurtiketak futbol zelai zaharrean egin genituen: disko jaurtiketa, pisu jaurtiketa, vortex jaurtiketa eta jabalina. Vortexa, txikiekin jabalina entrenatzeko erabiltzen dugu. Pilota moduko bat da, errugbi baloi baten antzekoa, baina luzea, eta jabalina baten moduan jaurtitzen da. Dantzalekuko pistetan luzera saltoa egin genuen fosotan, arearekin, harresi lasterketa batzuk, eta, bukatzeko, erreleboak. 

Dantzalekukoez gain, kategoriako monitoreak izan zenituzten: Iñigo Monreal, Iñigo Perez eta Nerea Bermejo. Maila horretako kirolariek topaketari distira eman zioten.
Bai, eta haurrak, halako atletak hain hurbil izatean oso motibatuta zeuden. Hirurei eskatu genien neska-mutilei jaurtiketetan, saltoetan eta gainontzeko proban laguntzeko, jaurtiketak nola egin behar diren erakusteko, posturak, jarrerak… eta asko inplikatu ziren. Beraiek ongi pasatu zuten, eta haurrek zer esanik ez. Erreferente diren halako atleta puskekin aritu izanagatik oso pozik zeuden. Polita izan zen.

Dantzalekun ikasturtean atletismoaren modalitate ezberdin horiek landu al dituzue zuen egunerokoan?
Ez nuen uste bestelako modalitateek halako harrera beroa izango zutenik, baina hala gertatu da. Kroseko denboraldi hasieran lasterketetan aritzera animatu ziren, eta pentsatzen nuen ondoren pistan ez zirela horrenbeste arituko, baina ibili dira. Orain dela gutxi Nafarroako Txapelketa izan genuen, eta 14 urtez azpiko mailako salto hirukoitzean hirugarren sailkatu zen Dantzaleku eskolako kide bat. Luzera saltoan ere aritu ziren beste batzuk, hesien probara hiruzpalau atera ziren, jaurtiketetan ere... Txikienek Burlatan jokatzen diren Nafarroako Kirol Jokoetan parte hartu dute sarritan, modalitate gehienetan. Harrera ona izan dute. 

Datorren ikasturterako izena ematea zabalik dago, 012 telefonora hots eginez. Nola aurreikusten duzue? 
Ez dakigu 70, 100, 120... zenbat ikasle izango diren. Epea bukatzen denean ikusiko dugu, guztia aztertu eta horren arabera erabakiak hartuko ditugu. Pentsatzen dut egungo monitoreek datorren denboraldian ere jarraituko dugula. Aitorrekin hitz egin dut, eta bera jarraitzeko gogotsu dago. Asko lagundu dit. Gainontzekoekin hitz egitea falta zait.

Osasun betean dago Dantzaleku. 
Bai, eta horrela jarraitu dezala. Oso pozik gaude. Orain atseden hartuko dugu, beharrezkoa baita, eta irailean bueltatuko gara guztia prestatzeko, eskolak urrian hasiko baitira.