1. Altsasu Institutuko gaztelania eta literatura irakaslea zara.
Duela bi urte Altsasu Institutuan hasi nintzen irakasle, Batxilergoan lehen aldiz. Joan zen urtean Irurtzunen aritu nintzen, eta aurten berriz ere Altsasu Institutuan nago. Aurretik Korazonistetan irakasle izan nintzen, zazpi urtez. Beraz, batxilergoan bi urte daramatzat.
2. Selektibitateko azterketak zuzenduko dituzu, bigarrenez.
Nafarroako Unibertsitate Publikotik irakasle boluntarioak eskatzen dituzte. Baldintza bakarra da Batxilergo bigarren mailako irakaslea izatea. Gaztelania eta literatura II. irakasgaia zuzenduko dut batxilergoan irakasgai horretako irakaslea naizelako, baina nik, berez, Ingeles Filologia ikasi nuen. Korazonistetan gaztelera irakasle hasi nintzen eta ordutik, oso gustura nago irakasgai horrekin.
3. Zergatik animatu zinen selektibitateko gaztelera irakasle izatera? Ikasturte bukaerako lanari lan gogorra gehitzea da.
Exijentzia handia da, bai. Nire ikasleak zertarako ari nintzen prestatzen gertutik bizi eta esperimentatu nahi nuelako aurkeztu nuen nire burua. Kezka hori nuen, ea ikasleak ongi prestatuko ote nituen, eta asko ikasi nuen: esperientzia eta segurtasuna lortzen duzu, ondoren zuk hobeto irakasteko. Badakizulako zertarako ari zaren.
4. Zein izango da zure lana?
Selektibitateko azterketak zaindu eta gaztelera eta literatura II ikasgaiko azterketak zuzendu. Gaztelerako azterketa lehena izaten da, proba luzea delako: testu iruzkina, literatura... Bukatzeko, erreklamazioak badaude, haiek aztertu eta erantzun.
5. Zenbat azterketa zuzendu beharko dituzu?
170-180 inguru zuzendu behar ditut, astelehenerako, ekainaren 13rako. Egunak ongi antolatu, eta goizetik gauera zuzentzen ariko naiz. Zuzentzeko plantila bat dugu, aurretik irakasleok adostu duguna, guztion ekarpenak jasota eta hari segika egiten dugu.
6. Zure selektibitateaz zein oroitzapen duzu?
Gogoan dut ikasturtea dezente samar egin nuela, eta iruditzen zitzaidala azterketa horretarako dena berriz ikasi behar izatea erokeria bat zela. Argi nuen ezin nuela guztia berriz ikasi, eta, orduan, lasai joan nintzen. Baina oroitzapena, ba topera ibilitako egunena da. Gauzak ongi egin badituzte lasai egotea gomendatzen diet ikasleei. Dena den, uste dut gure garaian ez genuela horrenbesteko presiorik, X nota eta media lortu behar izatea, ez dakit non eta zer ikasteko. Iruditzen zait orain askoz ere lehenago eta gazteago hasten direla kezka horrekin. DBH4an askok oso garbi dute nora joan behar diren, zer egin behar duten eta zer batez bestekoa behar duten.
7. Gogorra izango da norbait suspenditu behar izatea.
Bai, baina askoz ere gogorragoa da nire ikasleak direnean, selektibitatekoak ez baitira nire ikasleak. Ezin diezu zure ikasleei edo senitartekoei zuzendu. Zure tribunalean ezin dira ezagunak egon, aurretik jakinarazi behar duzu. Bestalde, selektibitatean zure irakasgaia nota bat da, eta beste irakasgai guztiekin lotuta hortik aterako da batez bestekoa. Normalean gehienek gainditzen dute, baina beste gauza bat da eurek nahi duten karrera ikasteko nahi adina nota lortu duten.
8. Batxilergoa gainditzea nahikoa izan beharko litzateke nota hori jartzeko?
Kontua da ea zentro guztiak objektiboak izango liratekeen ikasleei nota jartzerakoan. Nola bermatuko litzateke objektibotasun edo anonimotasun hori? Hori bermatzeko beste modu bat bilatuko balitz…
9. Hala ere, selektibitatea ez al da gehiegizkoa?
Urtetan egindako lana hiru egunetan erakustea oso gogorra da. Gauza asko gerta daitezke: selektibitate egunetan norbait gaixotzea, senitartekoren baten heriotza gertatzea, urduritasunak… denetatik. Hiru egun horietan erabakitzen da urtetan egindako lana, hiru egun dituzu zer dakizun erakusteko eta zer ikasi nahi duzun eta zure bizitzan zer izan nahi duzun jokoan duzu. Ez da oso bidezkoa. Beste modu bat aurkitzea litzateke idealena, baina zein izan daiteke alternatiba? Oso zaila da.
10.Egungo ikasleak ikaste prozesuan antolatuagoak direla dirudi. Garai batean azken ordukoagoak ez ote ginen…
Denetatik dago. Gazteleran testu iruzkinak egin behar dira eta, azkenean, hori heldutasun proba bat da. Zeinek irakurtzen duen, zein dago gaurkotasunean sartuta, egunkariak nork irakurtzen dituen, irratia nork entzuten duen... asko nabaritzen da. Gaztelaniako iruzkin bat egiteko bizitzaren inguruko oinarri bat izan behar duzu, eta hori ezin da azken orduan ikasi. Sareetan, webguneetan… sarritan titularrak besterik ez dira irakurtzen, sakondu gabe, eta iritzi kritiko bat izan gabe. Eta izugarri nabaritzen da. Bestalde, aurten nabaritu dut ere idazteko abiadura falta dagoela. Badira ikasleak azterketa bat bukatzeko gai ez direnak ere. Idazteko ohitura eta abiadura falta zaie.
11. Zuzentzean, ez izan zorrotzegia.
(Kar, kar…). Ez nahiz zorrotza, justua naiz. Horretan saiatzen naiz. Unibertsitaterako heldutasun bat behar da, eta hau ez da lortzen Batxilergoko bigarren mailan. Prozesu bat da, bizitza bera: egunkariak irakurri, irratia entzun, irakurri, informatu, etxean asko hitz egin… begirada kritiko bat behar da, eta heldutasuna horrela lortzen da.