Ikasturte berrirako eskaintza zabala prest

Guaixe 2022ko eka. 23a, 09:31
Iturmendiarrak sanmigeletan plazan. ARTXIBOA

Ikasturte honetako esperientzia positiboaren ondoren, 2022-2023 ikasturterako haur, gazte eta helduendako makina bat ikastaro antolatu dira Iturmendin. Haietan izena emateko epea zabalik dago.

Despeditu berri den ikasturteko astegun guztietan haur eta helduendako ikastaro eskaintza zabala izan da Iturmendin. Jarduera horiek udaletxeak eta eskolak ziren eraikinak hartu dituzte. Horrek herriari bizia eman, eta kaleetan jendea egotea ekarri du. Guztiaren atzean Patrizia eta Lorena Aizpurua Unanue daude. Neguan haur txikiendako ezer ez zegoela eta urtaroa luze eginen zitzaiela aurreikusten zuten. Horri buelta emateko eskaintza prestatzen hasi eta izandako esperientzia eta emaitzarekin pozik, errepikatzea erabaki dute. Eta dagoeneko heldu den ikasturterako jardueren zerrenda prest dute, beti ere talde txikitan eginen direnak. Gainera, antolatutako ikastaro askotako begiraleak iturmendiarrak dira. Azaldu dutenez, interesa dutenek dagoeneko izena eman dezakete. Horretarako, edo informazioa eskatzeko, 615 704 540 telefonora hots egin behar du. Iturmendiarrez aparte, bakaikuarrek eta urdindarrek ere eman dezakete izena. Eta, horregatik, bi herri horietan ere kartelak jarri dituzte. 

Haurrak
Txikienek dozena bat eskaintza izanen dituzte aukeran Iturmendin heldu den ikasturtean. Haien artean kirola, dantza, musika eta ikasketa arloetakoak daude. 3 eta 12 urte arteko ume eta haurrendako honako jarduerak izanen dira: ludoteka ingelesez, multikirola eta xakea, euskal dantzak, marrazketa, trikitixa, panderoa, txistua, dantza modernoa (hiri dantzen hainbat korronte ezagutzeko aukera), gorputz adierazpena (psikomotrizitatea, gorputz adierazpena, sormen dantza, erlaxazioa eta bestek bat egiten duten komunikazio eta ongi pasatzeko tailerra), psikomotrizitatea, pilatesa eta ingelesa.

Gazte eta helduak
Haurrendako baino jarduera bat gutxiago programatu dira gazte eta helduendako, hamaika. Haien artean daude sasoian mantentzekoak, kirola praktikatu, hizkuntzak ikasi edota musika eta dantzarekin lotutako ikastaroak. 16 urtetik gorako gazte eta heldudendako 2022-2023ko ekintza jarduera honakoa izanen da: marrazketa, trikitixa, panderoa, psikomotrizitatea, txistua, dantza modernoa (hainbat musika estiloetako koreografiak ikasi eta modu dibertigarrian sasoian egoteko), gorputz adierazpena (biodantza, erlaxatze, psikomotrizitate eta bestelako teknikak mugimendu askea eta bat-batekoa berreskuratzeko), boxeoa, pilates, ingelesa eta frantsesa.