Plazaolak webgunea eta gida berrituko ditu

Guaixe 2022ko eka. 16a, 11:02

Oinezkoak Irurtzungo Plazaola bide berdeko zubitik pasatzen. ARTXIBOA

Turismo partzuergoak Interneteko ataria berritu eta gida berri bat egiteko Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoen Departamentuak emandako dirulaguntza jaso du.

Irabazi asmorik gabeko Plazaola turismo partzuergoko kide dira 43 erakunde eta 100 enpresa baino gehiago. Horien artean daude Arakilgo eta Irurtzungo Udalak. Partzuergoaren helburua landa turismo iraunkorraren alde lan egitea da. Horren berri emateko eta mundurako leihoa izateko www.plazaola.org web orrialdea du partzuergoak. Horrekin batera, Plazaolaren eremuko turismo gida ere argitaratu izan du. Batean eta bestean Plazaola bide berdearen eta Aralar mendiaren berri ematen da. Baita alojamendu, jatetxe, taberna, artisau, saltoki, ekintza eta abarren berri ere. 

Bai webgunea bai gida berritzeko 16.000 euroko inbertsioa eginen du Plazaola turismo partzuergoak orain. Aurrekontuaren %80 (12.800) dirulagutza bidez ordainduko du partzuergoak. Izan ere, partzuergoa Nafarroa Ezagutu Sarea osatzen duten erakundeei zuzendutako Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza deialdiaren hamabost onuradunetako bat izan da. foru administrazioak guztien artean 233.018 euro banatu ditu. 

Aipatutako sare hori Nafarroako natura gune babestuak, espazio bereziak eta ibilbideak kudeatzen dituzten erakundeek osatzen dute. Sare horren barruan daude Aralar, Urbasa-Andia, Plazaola bide berdea eta ibarreko ibilbide sarea. Departamentuak bultzatutako deialdi horren helburua da Esplorazio Sareari lotutako espazioen lurralde garapen jasangarrian laguntzea, Nafarroako lurralde oreka eta iraunkortasun printzipioak (ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa) sustatuz; ekintzailetza, enplegu berdea eta gizarte ekonomia bultzatuz espazio eta ibilbide horien inguruan; eta natura, ekonomia, gizarte, kultura edo osasun ondarea balioetsiz.