Mank-ek hondakin bilketa zerbitzurako kamioia erosiko du

Guaixe 2022ko eka. 21a, 09:05
Hondakin Zerbitzuko langilea kamioia garbitzen. ARTXIBOA

Interesa duten enpresek eskaintzak hilaren 29ra arte egin ditzakete.

Sakanako Mankomunitateak hiri hondakin solidoak biltzeko bi kamioi erosiko ditu aurten. Bat berria izanen da eta bestea bigarren eskukoa eta, horretarako, 190.000 euro aurreikusita ditu. Ibarreko erakundeak dagoeneko lehen kamioia erosteko deialdia egin du. 13,01 m3-ko edukiera duen atzeko kargako kamioi biltzaile trinkotzaile bat eskuratu nahi du. Horretara 139.000 euro (BEZ kanpo) bideratu ditu. Ordainketa egiterakoan Mank-ek Nafarroako Hondakinen Partzuergoaren 114.000 euroko dirulaguntza izanen du. Kontratua eskuratzen duen enpresak hiru hilabete izanen ditu ibilgailua emateko. Bigarren eskuko beste kamioi bat eskuratu nahi du aurten Mank-ek eta horretarako 60.000 euro aurreikusi ditu. Espainiako Gobernuaren Miter dirulaguntza deialdian aurkeztu dute erosketa hori eta oraindik ez dakite laguntza jaso duten edo ez. 

Mank-ek 2019an eta 2020an kamioi bana erosi zuen eta bakoitzagatik 135.000 euro ordaindu zuen. Joan den urte bukaeran bigarren eskuko ibilgailu bat erosi zuen 59.500 euroren truke. Partzuergoak 42.000 euroko dirulaguntza eman zuen horretarako. Eta aurten eginen dituen bi erosketekin hondakin bilketa zerbitzuko ibilgailu flota zaharkitua berritzeko pausoak ematen segituko du.