Kontzejuek udalari lanen zerrenda pasata diote

Guaixe 2022ko eka. 13a, 10:00
Ergoienako ikuspegia Lizarragatik . ARTXIBOA

Udalak kontzeju bakoitzean 60.000 euroko balioa duten lanak eginen ditu Herri Berritze planaren barrua.

Lizarraga, Unanu eta Dorraoko kontzejuetako kideek Ergoienako Udalari jakinarazi zizkioten beraien herrian zein lan egin nahi dituzten, eta ibarreko erakundea haiek egiteko tramitazioak egiten hasi da. Dirulaguntza batzuk dagoeneko jaso ditu, esaterako. Baina trabak ere badaude, izan ere, metalen prezioak asko garestitu dira azken aldian eta horrek atzera bota ditu hainbat enpresa. 

Lizarragako Kontzejuak Bargagain tabernaren gainean 60 metro karratuko bi apartamentu egin nahi ditu, gerora alokatzeko asmoz. Horretarako, dirulaguntzaren zain daude kontzejuan. Lanak egin ondoren apartamentuak janzteko altzariak erosi beharko dira eta kontzejuak horretara bideratu nahi ditu Ergoienako Udalak emandako 60.000 euroak. 

Dorraoko Kontzejuak udalari honako lanak egiteko eskatu dio: herriko parkea berritu, handitu, adineko pertsonek ariketak egiteko tresnak jartzea; frontoian, led argiak jarri eta hainbat kiroletan aritzeko materialak jarri (baloiak, erraketak, pilotak, badminton erraketak…) eta elkarte atzean merendatzeko lekua prestatu, mahaiak bankuak eta barbakoa pare bat jarriz. Gainera, Dorraoko eta Unanuko Kontzejuek elkarrekin lan bat egitea eskatu diote udalari: bi herriak lotzen dituen dermioko pista konpontzea, Dorraoko elizatik abiatzen dena. Dagoeneko dirulaguntza  jaso du udalak. Unanuko Kontzejuak, azkenik, bi lan egin nahi ditu. Batetik, plazako paretek izerditzen duten ura jasotzeko lurrari jaitsiera pixka bat eman eta paretetan bistako adreilua-edo jarri. Bestetik, eskola zen eraikina margotzea. Eta, azkenik, Beriaingo pistan kanadar pasa jartzea. Euria egiten duenetan pasa horretako zuloa urak ekartzen duen materialez beteko denez, hura ateratzeko “ate” modukoak ere egin nahi dizkiote pasari.