UtzubarEKOguneko konponketa txokoa hasi da bisitariak hartzen

Guaixe 2022ko eka. 16a, 08:43

Sakanako Mankomunitateak hondakinen murrizketa eta berrerabilpena helburu duten bi orduko tailerrak eskaintzen ditu.

Sakanako Mankomunitatearen Hondakin Bilketa Zerbitzuak Arbizun UtzubarEKOgunea du. Han hondakinen kudeaketa egiteaz aparte, konponketa txoko bat martxan jarri dute aurten. Zerbitzuak eta Batuta Sakana elkarteak, gutun bidez, konponketa txokoa bisitatzeko gonbidapena egin diete ibarreko ikastetxe, kultur elkarte eta hainbat eragileri. Amaia Okariz Ormaetxea zerbitzuko hezitzaileak azaldu duenez, "hondakinen berreskurapena eta berrerabilpena helburu, bi ordutako tailerrak eskaintzen ditugu konponketa txokoan. Han elkarrekin jostailuak, mozorroak, loreontziak edo bururatzen zaizkizuenak sortu ditzakegu hondakinak erabiliz. Bestela, etxe tresnak, jostailuak, bizikletak eta beste konpondu ditzakezue". Okarizek azaldu duenez, konponketa txokoa apirila eta garagarrila artean eta  irailean edo lastailean egonen da erabilgarri, astegunetan goiz edo arratsaldez eta larunbat goizetan. Zehaztu duenez, 5 urtetik gorakoak joan daitezke. Beti ere, gehienez 20 pertsonako taldeak hartuko dituzte. Konponketa txokoa erabiltzen interesa dutenek 900 730 450 telefonora hots egin edo info.hondakinak@sakana-mank.eus e-postara idatzi behar dute. 

Okarizek jakinarazi duenez, orain arte konponketa txokotik pasa direnak Sakana Lanbide Heziketa institutuko ikasle batzuk izan dira. "Batuta Sakanako Luis eta Victorrekin hainbat gauza ekarri zituzten konpontzeko: trizikloa, kafetera, ilerako plantxa, aterkiak…" Konponketak egiten egoteaz aparte, UtzubarEKOgunea ezagutzeko hezitzaileek bisita gidatua egin zieten: konpost planta, industria hondakin ez arriskutsuen zabortegia eta biltegia, garbigunea, transferentzia gunea… 

Mank-eko hezitzaileak azaldu duenez, "irakasleei oso ekimen ona iruditu zitzaien eta urtero errepikatzeko modukoa dela eta hala planteatuko zutela esan zuten. Eskola guztiak etorri beharko liratekeela esan zuten, derrigorrezko bisitatzat jo baitzuten". Okarizek esan zuenez ikasleek galderak eginez ere interesa azaldu zuten. "Harrituta gelditu ziren hondakinen kudeaketarako dagoen azpiegitura guztia. Konponketa txokoan ikasleek asko disfrutatu zuten gauzak konpontzen, beren lanarekin hainbat gauza konpondu zituztelarik.