Astelehenean hasi eta hilaren 25era arte bizikleta martxa batek pentsio duinen aldeko aldarrikapena zabalduko du Hego Euskal Herrian. Sakanara, Altsasura, astelehenean, ekainaren 20an, iritsiko da Arabatik. Hurrengo egunean, Iruñeko bidean ibarra zeharkatuko du.
Hamahiru egun bizikletan eta pentsioen alde. Mugimendua sasoiko?
Bai. Lau urte egin ditugu eta kalean gaude. Egia da hainbat faktorek gutxitu dutela. Bost urte egitera goaz eta horrek desgaste bat eragiten du. Pandemiak jendea beldurtu du eta, hasierarekin alderatuta, mugimendua plazetan pixka bat gutxitu da. Baina sasoitsu gaude gure aldarrikapenak aurrera eramateko. Horren proba da bizikleta martxa.
Zergatik bizikleta martxa bat?
Joan den urtean Gipuzkoan egin genuen. Arrakastatsua izan zen. Ekimen polita da, sinpatikoa. Modu alai batean jendearekin konektatzea lortzen dugu. Herri eta lurralde askotatik pasatzen gara eta horrek gure mezua zabaltzeko aukera ematen digu.
Mugimenduak lau urte darama mobilizatzen. Lorpenak izan dituzue.
Txikiak izan badira ere, lorpenak izan ditugu. Ez naiz horretan luzatuko. Dudarik gabe onerako eragina izan du, zeren, bestela, murrizketak gehiegi izanen lirateke. Eta hori kontuan izan du Espainiako botere politikoak. Argi dago, mobilizaziorik eta borrokarik gabe ezin direla gauzak lortu. Hori da garrantzitsuena. Lortu dugu galga jartzea murrizketei. Egia da egiturazko lokarriak ez ditugula askatu. Esate baterako, 2011ko erreforma ez da indargabetu. Eta erreforma berriek aurreko murrizketak finkatu dituzte aurreko murrizketak. Bestalde, Euskal Herrian erreferentzia bat gara. Kalean gaude astelehenero. Nik uste beste gizarte mugimenduendako eredu garela. Eta hori asko da. Hainbeste urte borrokan egotea garrantzitsua da, lekukotza ematen ari garelako.
Erreformak aipatu dituzu. Joan den urtean baten lehen zatia onartu zen. Aurten bigarrena heldu dela dirudi.
Enpleguko pentsioen pribatizazioa bulkatzen da. Diru publikoarekin dirulaguntzak eman eta enpresek kotizazioak ez emateko aukera aurreikusten da. Horrela pribatizazioari bide ematen zaio, ez baita banaketa sistema publiko bat. Horrek eragin oso kaltegarria izanen du. Pentsioak kalkulatzeko urteez ere ari dira. Gaur egun 25 urtetan dagoena 35era luzatzeko aukera. Horrek esan nahi du etorkizunean pentsioak murriztu egiten direla. Hori ez da ona. Etorkizunerako ere oso kaltegarria da.
Bizikleta martxarekin zer aldarrikatu nahi duzue?
Ziklo aldaketa bat eman behar dugula ikusten dugu. Orain arte asko zentratu gara lege erreformetan eta Estatuari begira aritu gara. Oraindik ere hor jarraitzen dugu. Hor dago bigarren paketea eta hori ez dugu begi bistatik kentzen. Arauak emateko boterea estatuak du. Baina, era berean, Euskal Herrira begira jarri behar dugu. Bai Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako gobernuek eskumenak dituzte, esaterako, gutxieneko pentsioak osatzeko. Garrantzitsua litzateke hori lortzea, zeren hori ere Estatuarendako erreferentzia bat litzateke, gutxieneko pentsio hori hileko 1.080 eurora arte osatzeko.
Aldarrikapen zentrala hori da, baina beste bi daude. Horrekin batera zerbitzu publikoen defentsa eginen dugu. Ikusten dugu botere politiko eta ekonomikoek pribatizaziorako bidea hartuta dutela, hemengoek ere. Zerbitzu publikoak irmoki defendatu nahi ditugu, bai osasun bai zaintza alorretan. Hirugarren aldarrikapena zaintza lanak partekatzea eta zabaltzea da. Oso garrantzitsua da. Gu pentsiodunak gara eta hori ere gure eremua ere bada.
Martxa dagoen bitartean herrietako astelehenetako kontzentrazioek segituko dute?
Bai. Herriren batean gerta liteke astelehenetako bilkura martxa iristen den egunera aldatzea.
Bizikleta martxan nola parte hartu daiteke?
Hogeiko tropel batek 13 etapak eginen ditugu. Gero lurralde bakoitzean jendeak izena eman du lehen astea egiteko edo hiruzpalau egun egiteko. Horrela egin nahi duenak izena eman behar du lo egiteko lekuak, afariak eta aurreikusteko. Tropelak laguntza taldea izanen du: bi gidari eta mikrofonoarekin lan eginen duenak. Aparte, martxa herrira ailegatzen denean jendeak harrera egiten den lekuan itxaron dezake eta nahi duten guztiek parte har dezakete martxan. Gazte, adineko… Bizikleta duen guztiak parte har dezake. Polita izaten da, eta horixe nahi genuke, jendeak parte hartzea.
Sakanatik ere pasako da, ezta?
Astelehenean Gasteiztik abiatu eta Altsasuraino etorriko gara. Arratsaldez iritsiko gara. Asteartean Altsasu eta Iruñea arteko etapa eginen dugu. Irurtzunen bazkaltzera geldituko gara. Gurekin Sakanan bizikletan ibili nahi duenak aukera izanen du, ez da izena eman behar. Espontaneoki parte hartu nahi duten guztiak ongi etorriak izanen dira.
Eta hasiera eta akaberetan zerbait berezia egin duzue?
Hori bulkatu nahi dugu. Herri bakoitzean bertako pentsiodunen batzordeek protagonismoa izan dezatela. Haiek autonomia osoa dute ailegatzen garenean, harrera egiterakoan… Gainera, nahi izaten dugu herri bakoitzeko pentsiodunen batzordeak gizarte mugimenduekin (gazteak, feministak…) eta sindikatuekin harremanetan jartzea, nolabait, guztiok helburuak partekatzen ditugu eta horren alde antolatzea eta mobilizatzea. Markatu ditugun helburuen alde herritarrak aktibatzea litzateke.
Pasatzen zareten herrietara sartuko zarete?
Kaleetatik pasatzen gara eta ekitalditxoak ere izaten dira. Uste dut Arbizun eta Lakuntzan badaudela harrera txikiak aurreikusita. Bakoitzak nahi duena prestatzen du. Guztiak oso politak eta hunkigarriak izaten dira. Platano batzuk ateratzen badizkigute eta jendearekin egoten bagara, gu gustura.
Nolako bukaera emanen diozue martxari?
Bizikleta martxa hilaren 25ean bukatuko da Irun eta Donostia arteko etaparekin. Bukatzeko, Donostian manifestazioa eginen dugu. Jendetsua eta ederra izan dadin nahi genuke, pentsiodunak eta Euskal Herriko gizarte mugimendu guztietakoak hantxe agertzea. Gizarte erakundeekin eta sindikatuekin dagoeneko harremanak izan ditugu Euskal Herri, lurralde eta herri mailetan. Urte bukaeran aurrekontuak etorriko dira, eta hor indar handia egin beharko da 2023ko aurrekontuetan kontuan izan dezaten gutxieneko pentsioa, eta, behingoz, osatu dezatela 1.080 eurokoa izan dadin. Pentsioen gaiak guztiei eragiten digu. Etorkizunerako oso garrantzitsua da banaketa sistema publiko bat mantentzea, ziurtatzea eta bermatzea.