Pentsiodunen bizikleta martxa Sakanatik pasako da

Guaixe 2022ko eka. 10a, 09:52

Pentsiodunen mugimenduaren elkarretaratzea Zumalakarregi plazan. ARTXIBOA

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren I. Bizikleta Martxa eginen dute astelehenetik, ekainaren 13tik 25era arte. Donostian hasi eta Donostian amaituko dute, eta bidean Sakanatik pasako dira 20an eta 21ean, Gasteiztik Iruñerako bidean. 

Pentsioen aldeko bizikleta martxa antolatu du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. Ekainaren 13an, astelehenean, aterako dira Donostiatik, eta hamahiru egunez, hilaren 25era arte, Euskal Herriko herrietatik haien aldarrikapena eramanen dute. Sakanara ekainaren 20an, astelehenean, helduko da martxa eta Altsasun etapa amaiera eginen dute; hurrengo egunean, 21ean, Iruñeruntz abiatuko dira Sakana zeharkatuz. 

Pentsiodunen bizikleta martxa Sakanatik pasako denez, astelehen eguerdiko Altsasuko elkarretaratzea arratsaldean eginen dute, txirrindulariak iristen direnean; hortaz, ekainaren 20an, astelehenean, 19:00etan, Zumalakarregi plazan eginen dute elkarretaratzea. 

Hurrengo egunean, ekainaren 21ean, martxak hiru geldialdi eginen ditu Sakanan: Etxarri Aranatzen, 10:15ean, udaletxean eginen dute elkarretaratzea; Lakuntzan, 11:00etan, udaletxean, eta Irurtzunen, 12:30ean, udaletxean.