Futbola

Altsasuk Osasuna ederki estutu zuen

Guaixe 2022ko eka. 14a, 11:00

Osasuna A-k lortu zuen Jubenilen Maila Nazionaleko Kopako finalera iristea Zelai Berrin jokatutako finalerdi polemikoan Altsasuri 1 eta 3 irabazi ondoren

Lakuntzako Zelai Berrik Jubenilen Maila Nazionaleko Kopako lehen finalerdia hartu zuen larunbat goizean. Jubenilen Maila Nazionalean lehiatzen den Altsasuk eta maila bat gorago, Jubenilen Ohorezko Maila Nazionalean lehiatzen den Osasuna A taldeek jokatu zuten finalerdi hori, sekulako berotzarrarekin. 

Zelai Berriko harmailek itxura oso ona zuten. Bi taldeek, Altsasuk bereziki, zale inguru mugitu zituzten Lakuntzara. Lagun Artea klubak maila horretako partida hartzeko guztia prest zuen eta giro onean hasi zen partida. Altsasuko Julen Floresek sartu zuen lehen gola, gol ederra. Osasuna erraz gailenduko zela uste zuten askok, baina Altsasuk ikusgarri jokatu zuen lehen txanpan. Nor baino nor aritu ziren bi taldeak, zoritxarreko jokaldia gertatu zenera arte, Altsasuk ate propioan gola sartu baitzuen. Hala ere, altsasuarrek ez zuten behera egin eta erasoan jarraitu zuten. 

Banakako berdinketarekin joan ziren bi taldeak atsedenaldira eta bigarren zatia ildo beretik joan zen. Bi taldeak berdinketa apurtzen saiatu ziren behin eta berriz. Tarte horretan arbitroa ez zen oso fin ibili. Arbitroak ikusi ez zuen jokoz kanpoko jokaldi argi baten ostean iritsi zen Osasunaren bigarren gola, eta Altsasuko jokalari bati egindako falta argi baten ondoren hirugarrena. Horrela, Osasuna sailkatu zen igande eguerdian Etxarri Aranatzen jokatu zen final handirako. Osasuna faborito argia zela ez zegoen zalantzarik, baina horrenbesteko polemikarekin izatea ez zen gustagarria izan. 

Kopa Osasunarendako
Igandean Maila Nazionaleko Kopako final handia jokatu zuten Osasuna A-k eta San Juanek. Bana berdindu ondoren, penaltiek erabaki zuten eta Osasuna A izan zen txapelduna.