Etxebizitzen energia birgaitze proiektuak dinamizatzeko bulegoa

Guaixe 2022ko eka. 14a, 09:33
Atzoko ekitaldian parte hartu zuten udal, mankomunitate eta gobernuko ordezkariak.

Nasuvinsak Sakanako Mankomunitatearen Lakuntzako egoitzan zabaldu du eta etxe jabeei eta 11 udali laguntza teknikoko zerbitzua eskaintzen die. 

Sakanako 11 udalek bat egin dute foru administrazioaren Nasuvinsa enpresa publikoaren Elena programarekin. Horri esker udalerri horietako herritarrek aholkularitza eta laguntza jasoko dute Nasuvinsaren Lakuntzako bulegoan, beraien proiektuak garatzeko eta energia birgaitzeko laguntza publikoak izapidetzeko. Laguntza horiek pisu-komunitateendako eta familia bakarreko etxebizitzendako dira, azken mota horretako eraikinak sartzea da laguntzen berritasuna. 

Nasuvinsak sortutako zerbitzu berriko arduraduna Amaia Los Arcos Larunbe arkitektoa da. Bere lana Etxebizitza eta Eraikinak Birgaitzeko Bulegoaren (EEBB) osagarria izanen da, eta han lan egiten duen Joakin Ansorekin elkarlanean ariko da Los Arcos.

Sakanako Mankomunitatearen egoitzan egindako ekitaldian formalizatu da Larraun-Leitzaldeko eta Sakanako 17 udal Elena programan sartzea. Ibarrekoak 11 dira: Arakil, Irurtzun, Uharte Arakil, Lakuntza, Etxarri Aranatz, Ergoiena, Arbizu, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain eta Ziordia. Aurreneko bost udalek, gainera, Nasuvinsarekin hitzarmena sinatu dute. 

Adierazpenak 
Jose Maria Aierdi Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Etxebizitzako titularrak laguntza teknikoko zerbitzu berriaren garrantzia azpimarratu du, “EEBBk Sakanako Mankomunitatetik egiten duen lana indartzeko balio duelako”. Aierdik gaineratu duenez, “Nasuvinsak sortutako 16 profesionaleko taldeak Nafarroako Gobernuak lurralde osoan bizitegi parkearen energia birgaitze  prozesuak dinamizatzeko hartutako konpromiso estrategikoari erantzuten dio, udalei, erakundeei eta herritar guztiei prozesua erraztuko dien laguntza zerbitzu batekin”. 

Lehendakari ordeak jakinarazi zuenez, bulegoa ilbeltzetik lanean ari da eta “Esku-hartze Globaleko 11 proiektu egiteko eskaera jaso du, eta horietatik 7 garapen fasean daude une honetan. Zehazki, Lekunberri, Leitza, Arakil, Uharte Arakil eta Etxarri Aranatzen 218 etxebizitza daude guztira, 33 ataritan banatuta”.

Gaineratu duenez, “fase aurreratuago batean, Uharte Arakilen, Nasuvinsaren koordinaziopean, Itxesi eremuko Esku-hartze Globaleko Proiektu bat aurkeztu da udaletxean, 14 atari eta 56 etxebizitza hartzen dituena. Etxebizitza horietako 28ren jabeek, guztizkoaren erdia, PREE 5000 programaren Europako laguntzak eskatu dituzte inguratzaile termikoa hobetzeko obrak egiteko”. Zehaztu zuenez, “ Esku-hartze Globaleko Proiektuei esker, eremu guztiei erantzun tekniko eta estetiko bateratua eman dakieke, eraikinen eta etxebizitzen jabeei birgaitze arloko diru laguntzak emateaz aparte”.

Aierdi kontseilariak gogorarazi duenez, une honetan laguntza publikoen esparru zabala dago hiri-eremuan eta landa-eremuan etxebizitzen energia birgaitzea egiteko. Laguntza horiek Biziberri Navarra Rehabilita Foru Planaren zortzi lerro edo deialdietan biltzen dira, eta 2021eko eta 2023ko ekitaldien artean 70 milioi arte mugituko dira jakinarazi zuen.

Lakuntzako ekitaldiaren lekuko izan dira Nasuvinsako zuzendari gerentea Alberto Bayona, Nasuvinsako Hiri Berroneratze Arloko eta Elena programaren arduraduna den Ana Bretainia eta eremu bereko arkitektoa den Iñigo Monreal, baita Mikel Zabaleta (Leitzako alkatea), Gorka Azpiroz (Lekunberriko alkatea), Oihana Olaberria (Arakilgo alkatea), Aitor Larraza (Irurtzungo alkatea), Amagoia Betelu (Uharte Arakilgo alkateordea), Patxi Xabier Razkin (Lakuntzako alkatea), Silvia Marañon (Etxarri Aranazko alkatea), Iosune Telleria (Sakanako Mankomunitateko gerentea) eta eskualdeko EEBBko teknikari Joaquin Anso. 

Finantzaketa
Tokiko Laguntza Energetikoaren Programa (ELENA-PRIMAVERA) Europako Batzordeak bulkatzen du, Europako Inbertsio Bankuaren (EIB) babesarekin, helburu bikoitzarekin: eskualdeko hiri birgaitzearen eta berroneratzearen sektorean esku hartzen duten eragile guztiei zuzendutako euskarri tekniko eta aholkularitza bat sortzea finantzatzea, bereziki herritarrei, eta Nafarroako bizitegi sektorean energia-trantsizioa erraztea, energia errendimendua murrizteko eta energia neurriak txertatzearen bidez.

Nasuvinsak eta Europako Inbertsio Bankuak (EIB) 2021eko martxoan sinatutako kontratuan 2,4 milioiko ekarpena ezartzen da sozietate publiko horrek diseinatutako 8 laguntza talde teknikoren sarea finantzatzeko, guztira 16 profesional, arkitekto, arkitekto tekniko eta administrazioko langile kontratatuta. Lurralde-banaketa honako hau da: Baztan-Bidasoa, Larraun-Sakana, Pirinio-Aurrepirineo-Zangoza, Iruñea, Iruñerria, Lizarra-Lizarra, Erdialdeko Baldizarbe eta Erribera-Goiko Erribera.

Era berean, horiek guztiek lankidetza estuan jarduten dute Eraikinak eta Etxebizitzak Birgaitzeko bederatzi Bulegoekin, horiek baitira birgaitze babestuko proiektuen dirulaguntza arruntak izapidetzen dituzten erakundeak.

Helburua: 1.900 etxebizitza birgaitzea
Elena programaren helburua da 2023ra arte 1.900 etxebizitza ingururen energia eraginkortasuna hobetzea (parke pribatuaren % 90), berokuntzarako energia kontsumoa %70 murriztea eta 40 milioi euroko inbertsio publiko eta pribatu metatua mobilizatzea.

Foru lurralde osoa jarduera eremutzat hartzen duen birgaitzearen arloko lehen ekimenari eusten dio. Ekimen horrek Nasuvinsa sozietate publikoak, tokiko erakundeekin lankidetzan eta Europako finantzaketarekin, auzo mailan bultzatutako planek metatutako esperientzia baliatuko du ekimen hori garatzeko, adibidez, Iruñeko Txantrea auzoan, Tuterako Lourdes auzoan edo Iruñerriko bost herritan egindako jarduketak.