Turismo informatzailea kontratatu nahi dute

Guaixe 2022ko eka. 15a, 11:28
Bisitariak argibide eske Aralarko turismo bulegoan. ARTXIBOA

Aralarko santutegi ondoko informazio puntuan lan eginen du garilean eta agorrilean.

Plazaola turismo partzuergoak eta Sakanako Garapen Agentziak (SGA) elkarrekin kudeatzen dute Aralarren jartzen den turismo informaziorako bulegoa. Aurten garilaren 1etik agorrilaren 31ra egonen da zabalik. Han lan egiteko informatzaile bat kontratatu nahi du SGAk. Interesa dutenek beraien eskabideak Arbizuko industrialdean dagoen Utzuganen, Sakanako garapen zentroan, SGAk duen bulegoan aurkeztu beharko dituzte, asteleheneko 15:00ak baino lehen. Deialdian interesatuek, besteak beste, euskara eta ingelesa jakin beharko dituzte gutxienez, eta autoa izan beharko dute. Lanaldi osoko eta C mailako kontratua eskaintzen da. 

Kontratatutako pertsonak, SGAko turismo teknikariaren ardurapean, Aralarko turismo informazio gunea kudeatu beharko du, honakoak eginez: bisitariei harrera eta informazioa; informazio eta datuen bilketa, eguneratzea eta tratamendua; Aralar eremuaren erabilera publikoaren inguruko aholkularitza eman; Aralar, Sakana eta Plazaolako zerbitzu eta turismoaren inguruko informazioa eman; bisitarien kontrola: estatistikak, galdeketak eta oinarrizko datuen erregistroa (jatorria, nola bidaiatzen duten eta bisitaren zergatia); turismoari loturiko jardueretan turismo arduradunari laguntza eman; bisita gidatuen jardueratan natur gunearen informazio eta zabalkundean arduradunari lagundu; turismo materialaren bilketa eta kudeaketa eta bisitarien zenbaketa puntualak egin.