Mugiarazteko prest daude

Guaixe 2022ko eka. 15a, 12:54
La Topadora taldea. UTZITAKOA

Bi urte hauetan La Topadora taldeak abesti berriak prestatu ditu. Oinarrian festa musika dago, baina taldearen ezaugarrietako bat esperimentazioa da. Oholtzara igotzeko gogotsu daude. Ekainaren 17an kontzertua eskainiko dute, Olatzagutian.

La Topadora taldearen historia laburra baina intentsoa da: 2019. urtearen amaieran aurkeztu zuten Enrikko Rubiños, Ruben Anton, Errotzen bizi den Javiero Etxeberria eta Etxarriko Luisillo Kalandraka musikariek taldea. Voy con todo lehenengo diskoa kaleratu zuten. "Kafe Antzokian eman genion birari hasiera, primerako eguna izan zen, 'hau egina dago' pentsatu genuen, hamabi edo hamahiru bolo itxita genituen". Oso ongi joanen zela uste zuten. Baina astera pandemiaren kontu guztia iritsi zen. "Donostiko Fnac-en emanaldi akustiko bat eman genuen, eta hurrengo astean Gasteizkoan eman behar genuen. Baina dagoeneko Gasteizko ospitalean hasi ziren esaten Covid kasu asko zeudela eta abar". Dena bertan behera gelditu zela azaldu du Luisillo Kalandrakak.

Pandemiako bi urte hauetan La Topadora ez da geldirik egon eta bigarren diskorako abestiak prestatzen aritu dira. Abestiak "pixkanaka ateratzen" joanen dira. Momentuz, bi kaleratu dituzte: Vamos primo eta Al calor, duela bi aste inguru. "Uda jotzen pasako dugu eta gero beste zenbait abesti aterako ditugu". Ekainaren 17an, heldu den ostiralean, 20:00etan, kontzertua eskainiko dute Olaztiko Barandi tabernako terrazan. Ondoren, Tafallan, Busturian, Leioan, Bilbon eta abar egonen dira.

Aurrera
"Hasieran bajoi handia izan zen. Guk ateratzeko baimena izan genezakeen, baina kolpe ederra izan zen animoz ere. Burua gauzak egitera behartu behar genuen". Kontzertu bat dutenean egiteko guztia alde batera utzi eta entseatzera joaten dira, baina konfinamenduen garaian "objektiborik gabe, ezjakintasunekin..." ez ziren elkartzen. Azkenean, pausu bat aurrera eman eta entseatzen hastea erabaki zuten.

Bi urtetan "zenbait emanaldi" egin dituzte, eta formatu akustikoa landu zuten ere, egoerara egokitzeko. "Baina ez da berdina". Lanak berriz landu zituzten formatu horretara pasatzeko. "Hori egiten ez bagenuen, bazirudien ez geundela. Derrigortuta geunden, nolabait. Bitxia izan zen, hasi zenean dena berriz mugitzen, gero berriz pikutara joan zela, bazirudien mugitzeko taldeok ez genuela lekurik inon; dena zen musika tradizionala, akustikoa, lasaia...". Besteak beste, Nafarroako Gobernuako Nafarroan Biran programan parte hartu zuen La Topadorak, "hasiera batean ongi pentsatuta eta planteatuta zegoen, baina gaizki antolatuta zegoen". Behintzat boloren bat egin zutela esan du musikariak.

Prest
Kantak egiteari ez diote inoiz utzi. "Abestiak sortzen ari gara, ez dugu esaten: hiru hilabetetan ez dakit zenbat abesti egin behar ditugu diskoa kaleratzeko, ez; pixkanaka goaz". Momentuz hamar abesti sortu eta grabatu dituzte. "Javiero eta biok beti ari gara audioak elkarbanatzen, gauzak sortzen eta elkarri bidaltzen, baina azkenean elkartu behar ginela pentsatu genuen". Abestiak lantzen joan ziren, eta asteburu batean Barandi landa etxera joan ziren abestiak bukatzera eta grabatzera. "Disko fisikoa kanta guztiak atera ondoren argitaratuko dugu, seguruenik".

"Perla oso bitxiak daude; nahastea gustatzen zaigu, bestela aspertzen gara"

La Topadora taldearen bereizgarrietako bat doinuekin esperimentatzeko duen beharra da. "Lehenengo diskoaren eta orain kaleratuko ditugun abestiak desberdinak dira, aldatu dira". Festa estiloa da taldearen oinarrian dagoena, "Skalariak eta Vendetta taldekoak garela entzun daiteke", baina "perla oso bitxiak" daudela azaldu du Kalandrakak. "Hori da gauza, esperimentatzea, bestela aspertzen gara". Etxean abestiak eta abestiak entzutera esertzen dira, "erritmo bat bilatuz". Erritmo afrikarrak, rockeroagoak, kunbia... "Baina guztiak talde berekoak dira".

Letrei dagokienez, "amorruzko letrak daude, ingurura gaizki dagoena begiratzeko eta horrekin apurtzeko oihuak, kontuan izanda mundua pikutara doala, altxatzeko deia... Naif izan daiteke, baina azkenean hori da islatu nahi duguna". Bestetik, Gloria Fuertesek bere aitari eskainitako poema baten letra dago ere, eta kolaboratzaileak izanen dituzte ere, Amets Larraza, esaterako. Abesti berrietan La Skandalosa Tripulación taldeari omenaldia egin nahi izan diote berriz, izan ere, taldearen izena, La Topadora, talde argentinarraren abesti batetik dator. "Gure anaiak dira, hasieratik harreman oso ona izan dugu, eta A toda vela abestian haien musikan oinarritu gara, erdi erritmora, oso argentinarra". Badira "besterik gabe dantzatzeko" diren abestiak ere.

'Buenrollismoa'
Vamos primo bigarren diskoa izanen denaren lehenengo singlearen bideoklipa Gure Zirkuan grabatu zuten, Enrikkok, bateria joleak, eta Iker Galarza Gure Zirkuko zuzendariak elkarrekin ikasi baitzuten. Zirkua eta mexikarren hildakoen eguneko burezurren makillajeak uztartu dituzte, "heriotzaz ere barre egin behar dugula" adierazteko. Zirkua Mexikoko estetika horrekin nahastea oso ideia ona iruditu zitzaigun". Bideo baterako perfektua zen. Dena dela, "puntazo bat izanen balitz ere", ez dute mexikar estetikarekin jarraituko, "bakarrik bideokliperako izan zen".

Voy con todo diskoa kaleratu zutenetik bi urte pasa dira, "baina urte horietan ez da ezer gertatu. Minusetik hastea bezala da". Abestiek iraungitze data dutela uste du Kalandrakak, "nahiz eta abesti batzuk betirako izan, musikak iraungitze data du. Batzuetan lehengo abesti bat har dezakezu, baina beste ukitu bat ematen diozu. Denbora pasa da, eta ikasitakoa emanen diozu abestiari ere". Horregatik "zerbait berria" eskaini behar zutela uste du. "Pena bat da, nire ustez bizitzan egin dudan diskorik onena delako". Kontzertuetan bi diskoen abestiak uztartuko dituzte.

Erlazionatuak